Santa Mariñeko haitzak aparteko egitura dira Uribe Kostan, eta "horrela mantenduko dira", Urdulizko Udaletik diotenez. "Halarik ere, ondoko mendi-mazelak degradatu eta ia utzi egin dira guztiz. Ondorioz, espezie erruderalak ugaritu egin dira, alboko eukalipto sailak eta 'Cortaderia selloana' (panpako belarra) edota 'Budecita' bezalako espezie inbaditzaileak, esate baterako. Horregatik, hain zuzen ere, gunea basoberrituz, inguruaren degradazioak jotako haitzetako hariztien habitata bultzatuko da", azaldu dutenez. Horrenbestez, Udalak Santa Mariñeko mendi-mazeletan jardungo du, eta "inguru naturala ahalik eta gehien errespetatuz" egingo du. Alde batetik, zuhaitzez beteriko azalera handituko du bertako espezieekin, hala nola, "Quercus robur" edo "Carpinus betulus" motekin. "Quercus robur" edo haritz arrunta 30 metroko altuera duen zuhaitz hostogalkorra da. Adaburu zabal eta biribildukoa, iberiar penintsulako ipar herenean aurkitu ohi da. Zuhaitz mota hori arrazoi ekologikoak direla-eta hautatu da. Izan ere, bertako espeziea da, habitat kantabriarrekoa, baina, halaber, CO2 xurgatzeko duen gaitasuna beste zuhaitz batzuena baino handiagoa da, haritzek dutena baino handiagoa kasu. "Carpinus betulus", bestalde, enbor okertsua eta pagondoaren oso antzeko itxura duen zuhaitz ertaina da. "Ezbairik gabe, baso azalera handiago batek ingurumen kalitate handiagoa eskainiko die bertan bizi diren espeziei, eta ingurua ahalik eta arinen leheneratzen lagunduko du", nabarmendu dute udal arduradunek.
Beste alde batetik, espezie exotikoak kenduko dira, Uribe Kostako Zerbitzuen Mankomunitateak kontratatutako teknikarien bitartez, eta, horrela, proiektuaren helburu den esku-hartze baxuko eta habitata mantentzeko irizpideak jarraituko dira. Metodo fisikoen bitartez desagerrarazteari emango zaio lehentasuna, hala nola, "mulching" edo bigungarriaren eta eskuz deserrotzearen bitartez desagerrarazteari, nahiz eta gune batzuetan metodo kimikoak erabiliko diren, fitosanitarioa aplikatuz. Lurzoruak baldintzatuko du metodo batzuk edo beste batzuk erabiltzea.
Onura gehiago
Landare-espezieak areagotuz, fauna-espezieak errekuperatzea aurreikusi da, batez ere, hegaztiak. Beste onura garrantzitsu bat mendi-mazela egonkortzea da. Izan ere, lurzoru horiek leheneratzeak lurra etorkizunean ez irristatzea ahalbidetuko du. Azkenik, proiektua suteen kontrako prebentzio neurri gisa ere "beharrezkoa" da. Izan ere, garbiketak eta leheneratzeak lurrak gaur egun duen arriskua murrizten lagunduko dute.
Santa Mariñeko ezaugarrien arabera
"Urdulizko Udalak une oro hartuko ditu aintzat inguruaren ezaugarriak", aipatu dutenez. Santa Mariñeko haitzak 207 metroko garaiera duen harri-eraketa dira, eta jatorri silizeoa dute. Landaretza potentziala nahiko pobrea da espezie esanguratsuetan, eta, horri, gainera, modu irregularrean banatzen diren beste zenbait ere badaudela gehitu behar zaio. Zorroztasun klimatikoak eta lur gabeziak jasaten ditu inguruak, bertikaltasunaren eta uraren kariaz, eta, ondorioz, estaltzen duten landareak gutxi dira.
Gainera, alboko lurretako baso-guneek (eukaliptoa dago batez ere) ibilgailuen gurpil-arrastoak eta hondakinak gertu egotea eragiten dute, eta horrek ere ez du laguntzen degradazioa saihesten. "Santa Marinñen egingo den proiektu honen bitartez hektarea bat basoberritu nahi da, hain zuzen ere, gaur egun ia abandonaturik eta ekosistema andeaturik duen lurzoruarena, CO2ko igorpen-hobi batean. Erabilera aldaketa hau 2008-2012ko Aldaketa Klimatikoaren kontrako Borrokarako Euskal Planarekin bat etorriz egingo da", amaitu dutenez.