Euskal Herriak Bere Eskola: "Euskal Unibertsitateak (?) 75 urte (?)"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko abe. 8a, 21:10

Euskal Herrian sortutako lehenengo unibertsitatearen 75. urteurreneko ospakizunak egin ditu UPV-EHUk egun hauetan. Egungo UPV-EHU orduko unibertsitate haren oinordekoa dela adierazi du Goirizelaia errektoreak eta hori dela eta hainbat ekimen burutu dituzte. Oraingoan historiara jo dute UPV-EHU berari ere nolabaiteko prestigioa eman asmoz. Euskal Herriak Bere Eskolak sarri kaleratu du egun ditugun unibertsitate ereduen irakurketa. Karlos Santamariaren hitzak ere askotan aipatu izan ditugu, eta oraingoan ere hauek ekarri nahi ditugu gogora. Argazkian, 1937ko Medikuntza Fakultateko ikasleak (Danielle Labajos de Bertolin utzitako argazkia Juan Gondraren bitartez) / © EHU.

"Bi eginkizun diferente dago uste dudanez, gure Unibertsitatearen alorrean. Batari Euskal Unibertsitatea dei lekioke; besteari, berriz, Euskal Herriko Unibertsitate izena emango nioke nik, bion arteko desberdintasuna ongi azaltzeko (...) Euskal Herrian dauden eta egongo diren unibertsitate eta sasi-unibertsitate multzoari Euskal Herriko Unibertsitatea izena emango diogu. Aldiz, uste honek utopia itxura badu ere, nire terminologiaz Euskal Unibertsitatea euskal kultura eta hizkuntzaren 'alma mater' izan beharko litzatekeen euskarazko unibertsitatea da".

Euskal Unibertsitateak 75 urte bete dituela ospatu dute egun hauetan, baina, Santamariak esandakoari kasu eginez, benetan al dira horiek Euskal Unibertsitate? Euskaraz funtzionatzen dute? Demokratikoak dira? Euskal Herriaren zerbitzura daude? Herri honen bizi iraupen eta garapenerako antolatuta daude? erantzunak begi-bistakoak dira.

Oraindik ere gauza asko ditugu aldatzeko. Egungo unibertsitateek egiturazko mugak baitituzte herri honen euskalduntzeari erantzuteko, jendarte eredua eraldatzeko, gure herriaren egituraketa sozio-politikoan laguntzeko... Izan ere egungo markoa iraunarazteko sortu zituzten eta ez hauek gainditu eta bestelako ezer eraikitzeko.

Gure herriko historia ezagutzea ezinbestekoa da; horregatik uste dugu 1936an abian jarritako unibertsitatearen errekonozimendua egitea beharrezkoa dela, noski. Baina Unibertsitate esparruaren historia anitzagoa, zabalagoa dela ere jakin behar dugu. Izan ere, Euskal Unibertsitatea sortzeko lehen saiakerak 1540ean eman ziren Oñatin ( 1901 arte iraun zuen) eta ordutik etengabekoak izan dira Euskal Unibertsitatearen aldeko aldarriak, barruti bateratuaren aldeko mugimendua, Euskal Adarra, irakasleria propioaren aldeko borroka, UEUk bideratutako Euskal Unibertsitatearen egitasmoa...

Euskal Unibertsitatea behar beharrezkoa zaigu; bene-benetako Euskal Unibertsitatea izango dena behar dugu ordea, euskalduna, demokratikoa, askatzailea, herritarra eta parekidea izango dena. Funtsezko elementua da gure herriaren biziraupenerako. Eta horregatik, hain zuzen ere, bere eraikuntza ezin da jendartearen beharretatik kanpo ulertu.

Herri mailan, Campusetan, fakultateetan... Unibertsitate Sistema Nazionalaren aldeko lana burutu dezagun, Euskal Unibertsitatearen aldeko aldarria lau haizetara zabaldu dezagun. Egitasmoa badugu, behar duen bultzada soziala ematea gure esku dugu!
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun