Astelehen honetan, abenduak 12, epaiketa berri bat egingo diote Arkaitz Goikoetxea Basabe preso politiko getxoztarrari, Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakinarazi duenez. Hala ere, errepresioaren kontrako erakundeak ez du zehaztu zer dela epaituko duten, ezta ze zigor eskatzen dioten ere. Azkorriko mutilak beste auzi bati aurre egin behar izan zion azaroaren hasieran, Iñigo Gutierrez eta Aitor Cotanorekin batera, 2008ko urtarrilaren 31n Getxoko estrata batean Ertzaintzak aurkitu zuen leherkariz betetako garagardo kupela beraiena zela egotzita. Ondorioz, Gutierrez absolbitu eta zortzina urteko espetxe zigorra jarri zieten Goikoetxea eta Cotanori. Azaroaren 18an zabaldutako epaian, berriz, Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi egin zuen iaz Azkorrikoari Auzitegi Nazionalak jarritako 513 urte eta 6 hilabeteko espetxe zigorra. Astelehenari begira, "berriro ere torturan oinarritutako epaiketa baten aurrean" gaudela salatu du Uribe Kostako AAMk, atxiloaldiko testigantzak plazaratuz. Argazkian, Arkaitz Goikoetxea getxoztarra Guardia Zibilaren ziegetan / © TAT.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!