Neskatoaren kontrako erasoa salatuko dute asteartean Leioan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko abe. 10a, 12:34

Astearte honetarako, abenduak 13, kontzentrazioa deitu dute Leioako Bilgune Feministak eta Andrak emakumeen elkarteak. Hitzordua 19:00etan jarri dute Bulebarrean. Horren bitartez, hilaren 3ko erasoa salatu nahi dute. Aipatu egunean, 45 urteko gizonezkoa atxilotu zuen Leioan Ertzaintzak, 10 urteko neskato bat bortxatzen saiatzea egotzita. Bestalde, gertaeraren gaineko hausnarketa ere plazaratu egin du Leioako Bilgune Feministak. Besteak beste, hainbat komunikabidek gaiari eman dioten "trataera" kritikatu du eragileak. "Arazo soziala dena testuingurutik atera eta 'gertaera' huts baten moduan azaldu dute, morboan sakonduz eta beldurra zabalduz. Eraso hauen oinarria ez da gizon zoro zehatz baten jarrera, baizik eta emakumeak zapalduta gaudela, eta gizon eta emakumeen artean ematen den menpekotasun harremanen adierazle da", zehaztu dute feministek. Argazkian, hainbat gizon-emakume azaroaren 25eko elkarretaratze batean Leioan.

Leioako Bilgune Feministak zabaldutako hausnarketa:

Emakumeen aurkako erasorik ez!

Abenduaren 3an emakume baten aurkako eraso sexista bat egon zen. Emakumeon aurkako erasoak larriak badira, are larriagoa izan da oraingoa, ume bati buruz ari gara eta.

Eraso honen aurrean Leioako Bilgune Feministatik honakoa adierazi nahi dugu:

1. Hainbat komunikabidek gaiari eman dioten trataera salatzen dugu; izan ere, arazo soziala dena testuingurutik atera eta “gertaera” huts baten moduan azaldu dute, morboan sakonduz eta beldurra zabalduz. Eraso hauen oinarria ez da gizon zoro zehatz baten jarrera, baizik eta emakumeak zapalduta gaudela, eta gizon eta emakumeen artean ematen den menpekotasun harremanen adierazle da.

2. Emakumeenganako erasoekin bukatzeko neurri zehatzak eta eraginkorrak hartzea exijitzen dugu, orain arte bultzatutako lege, protokolo eta neurriek ez baitute ahalbidetu arazo sozial larri honekin amaitzea. Erakundeek plan integral eraginkorrak abiatu behar dituzte prebentzioan, sentsibilizazioan eta ondorengo neurrietan kokatuta.

3. Era berean, autodefentsa feministak berebiziko garrantzia dauka. Emakume izateagatik jasaten dugun zapalkuntzari erantzuteko emakumeok jarrera aktiboa hartzea nahitaezkoa da. Emakumeok subjektu izanik dugun indar, babes eta konfiantzari esker mugak gainditu eta egoera irauliko dugu.

Emakumeok inolako beldurrik gabe eta lasaitasunez ibiltzeko eskubidea dugulako, kalean eta edonon izan gaitezen egoeraz kontziente, egin diezaiegun aurre eraso sexistei denon artean eta altxa dezagun jendartea.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun