Euskal Herriratzeko eskaera aurkeztuko du egunotan EPPK-ko preso bakoitzak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko abe. 10a, 13:21

Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna dugun honetan, Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) konponbiderako prozesua bultzatzen jarraituko duela jakinarazi du, "Gara" eta "Berria"-ri igorritako agiri baten bidez. Ohartarazi du horretarako, euren "ekarpen aktibo eta positiboa" egin ahal izateko, funtsezkoa dela kolektiboko kideak Euskal Herrian batuta egotea. Ekarpenak egin ahal izateko beharrezko "eztabaida, harreman eta ekimenak baldintza politiko egokietan" egin ahal izateko batuta egon behar dutela eta, horregatik, kolektiboko kide bakoitzak Euskal Herriratzeko eskaera egingo duela "egunotan". Jakinarazi du eztabaida prozesua abiatu duela, kolektiboaren «ildo politikoa zehaztu eta eguneratzea» helburu hartuta. Argazkian, presoen aldeko elkartasuna adierazpena joan den igandean Berangon.

Hona hemen agiria, hitzez hitz:

Euskal Preso Politikoon Kolektiboak euskal gizartearekin bere ekimen eta gogoetak konpartitu nahi ditu agiri honen bidez:

Ospakizun, aldarrikapen eta salaketa egunak

Nazioarteko Giza Eskubideen Eguna abenduaren 10ean. Halako egunik bada, eskubideak urratzen direlako da, han eta hemen, nonahi. Gurean franko, hizkuntza eta kulturatik hasi eta eskubide politiko oinarrizkoetaraino, euskal presook pairatu behar dugun jazarpen eta beheramenduetatik pasatuz. Egun aproposa urraketen salaketa egiteko.

Euskararen Nazioarteko Eguna abenduaren 3an, ospakizun eta errebindikazioa uztartuz. Egun seinalatu bera, Nafarroaren Eguna, ospakizun eta aldarri hau ere. Lingua navarrorum esamolde zaharra, euskaldunon hizkuntza, nafarron hizkuntza. Herri bat. Euskalgintza eta herri osoarekin bat gatoz gure hizkuntzaren aldeko mobilizazioan. Garai berriak hizkuntza eta kultur eztanda ekarri behar du, auzo eta herrietatik instituziotaraino, norbanakotik gizarte osoraino. Hizkuntzak lurraldea behar du, egitura juridiko politikoa, eskubideak. Non euskaraz, han Euskal Herria. Euskara ofiziala lurralde osoan!

Kontrara, Espainiako Konstituzioaren Eguna abenduaren 6an. Inposaketaren hautua egiten jarraitzen dutenek ospatu dute. Guk lerrootatik, Herri gisa dagozkigun eskubideak errebindikatzen ditugu gure herriko sektore zabalarekin batera eta ukazioa salatu. Presoarentzat bezala ziega da Konstituzio espainiarra Euskal Herriarentzat. Sarrailaren gakoa eskuan dugu!

Euskal Presoak Euskal Herrira, sakabanaketa amaitu

Sakabanaketa amaitu eta batu gaitzaten aldarrikatzera gatoz ekimen berrituarekin. Eskaera ez da berria; une honetan gaurkotzen dugu, ordea, gure eskubidea delako, gure senitarteko eta lagunen eskubidea delako, gure herriaren eskubidea delako. Espetxe politika, sakabanaketa, preso politikoon kontra izateaz gain, senide eta lagunen kontrako zigor erantsia baita. Mende laurden indarrean, gaur, herriarekiko xantaia politikoa luzatzea dakar, abiatutako prozesu politikoa oztopo eta eraso iraunkorrean zangotrabatzea.

Konponbide demokratikoaren aldeko indarrek eta euskal gizarteak permititu ezin dugun erasoa. Estatuei modu positiboan erantzutea besterik ez dagokie, luze gabe. Aurrez aurre Herri osoa baitute, gaur arte espetxe politikaren krudeltasun eta bortxakeria onartu, babestu eta sustatu dutenak ere. Amaitzea, urgentziazko ariketa demokratikoa. Erabaki ausart, sakon eta demokratikoak hartzeko garaia da. Konponbidearen ibilbide orriak exijitzen du.

Gutako bakoitzak Euskal Herriratzeko eskaera egingo dugu egunotan, agiri honen bidez jakinarazi eta babesten dugun eskaera.

2011-12 Eztabaida

Gure izaera politikoa errespetatua izan behar da, gatazka politikoaren ondorio zuzen eta ukaezin baikara, konponbidearena bezalatsu. Garai berriotan, prozesu politikoan gure ekarpen aktibo eta positiboa egiteko Euskal Herrian baturik izan behar dugu, dagokigun eztabaida, harreman eta ekimenak baldintza politiko egokietan eraman ahal izateko. Funtsezkoa da Euskal Herrian elkartzea.

Kolektiboak, Frantzia, Espainia eta beste lurraldetan garen kideok, eztabaida prozesua abiatu dugu, agiri honen bidez ofizialki ezagutzera ematen duguna. Nazio askapen mugimenduaren estrategia eta egoera politikoa dugu eztabaidaren abiapuntua. Amnistia eta autodeterminazioaren bidean, Kolektiboaren ildo politikoa zehaztu eta eguneratzea eztabaidaren muina.

Eztabaidaren ondorioek Kolektiboaren norabidea markatuko dute. Konponbide demokratikoaren bidean zeresana badugu. Konponbidearen korapilo nagusia autodeterminazioa da, gatazkaren ondorioen korapiloa ondoan duela. Biak askatu behar ditugu. Askarazi.

Horra gure erronka berria. Ausardiaz, arduraz eta baikortasunez gure Herriarekin batera, herritarrekin batera aurrera jotzeko erabakitasun osoa dugu. Urratsak eman behar dira.

Askatasun eskaerak

Udazken honetako ekimenak norabide horretan kokatzen ditugu. Eskaera demokratiko premiazkoa egin dugu: muturreko egoerak altxatzea. Estatuek urtetan eraikitako legeria eta mekanismo juridiko-judizial errepresiboek, hamarnaka preso espetxean bahiturik dituzte, preso ororen askatasunerako eskubidea behin eta berriz ukatuz. Gaixo direnak, kondizionalaren epeetan aspaldi sartuak direnak, bizi arteko zigorra de facto eta irregularki aplikatuta espetxealdia luzatu dietenak.

Guztion berehalako kaleratzea exijitzen dugu. Orain arteko jukutria, intoxikazio eta manipulazioak, etekin gose miserableak, alboratzeko garaia dute.

Espainiako Gobernu berriari, Frantziako Gobernuari, Nazioarteko Komunitateari

Oinarrizko eskakizun hauei Espainiako Gobernu berriak eta Frantziako agintariek erantzun beharko diete, esan bezala luze gabe. Nazioarteko komunitateari ere egiten diogu deia, egoeran esku hartu eta urrats erabakigarri eta atzeraezinak eman daitezen susta dezan.

Euskal herritarrei: Mobilizazio Kolosala urtarrilaren 7an

Agintariak mugitzeko, mobilizatu beharra dago. Herriaren Hitza entzunaraziko dugu. Bat egiten dugu herri mobilizazio orokorrarekin: asteburu horretan ez da bisitarik izango, zuekin izango gara Bilbon. Entzun dadin euskal herritarren ahotsa, Madril, Paris eta munduan zehar. Protagonista eta sustatzaile izan gaitezen denok, guztion eta bakoitzaren bultzadak hautsiko ditu eta kateak.

Euskal Presoak Euskal Herrira! Amnistia, Autodeterminazioa!

Euskal Preso Politikoen Kolektiboa

2011ko abenduaren 10ean
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun