Fauna Basatia Sendatzeko Gorlizko Zentroan egon diren zortzi sai arre Balkanetan askatuko dituzte hemendik gutxira. Errepidez hiru eguneko bidaia egin ondoren, animaliok —Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Sailaren laguntza duen Life programaren barruan daudenak— orain astebete heldu ziren beren jomugara: Bulgariako beste zentro batera. Han, zain daude Bizkaiko naturatik urrun aska ditzaten; esan bezala, Balkanetan. Saiak bat eta bi hilabete artean eman dute Gorlizko foru instalazioetan. Batzuk gaixotasunetatik sendatu behar ziren; beste batzuk, ordea, egokitzeko arazoak zituzten kumeak ziren. Osasun-dokumentazio guztia eguneratuta eta txipa jarrita, errepidez hiru eguneko bidaia egin zuten, furgoneta berezi batean. Sei ordurik behin gelditzen ziren animalien egoera ona bermatzeko, foru iturriek nabarmendu dutenez. Osasun egoera onean heldu ondoren, hamabost egunetan egon behar dute zain. Gero, askatzea bideragarria dela ikusten denean, naturan utziko dituzte. Argazkia: © Bizkaiko Foru Aldundia.