Urtarrilaren 7an Bilbon egingo den mobilizazio orokorra indartzeko deia egin zuten aste hasieran,
Egin Dezagun Bidea ekimenaren harira. Mobilizazio horren inguruan Euskal Herriko herri guztietan preso politikoen askatasunaren aldeko herri bilguneak sortzeko deia egin dute. Herri Bilgune horiek osatzeko orduan irizpide zabalak eta herritarrak lehenesteko ideia azpimarratu dute. Besteak beste,
Algortan asteak daramatzate lanean.
Leioan ere abian dira jada. Eta Sopelan hasierako urratsak ematen ari dira eta laster herri bilgunearen lehenengo ekimenak aurkeztuko dituzte. Horrekin batera, Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) ezagutzera eman zuenez,
preso politiko guztiek eskaera aurkeztuko dute ahalik eta lasterren Euskal Herrira ekar ditzaten. Ekimen kolektibo horrekin "dispertsio politika gainditzeko eta amaitzeko" helburua bilatzen dute. Horretaz gain, haien artean batzarrak egiteko aukera eskatu dute. Eskakizun horrekin, abian "dagoen prozesu demokratikoan haien ekarpen eraikitzaileak egiteko bidea eta aukera" bilatu nahi dute. Igandean bertan, 400 bat preso ohiek agerraldi jendetsua egin zuten Azpeitiko pilotalekuan. Bertan 7ko manifestaziora joateko eta mobilizazio orokorra indartzeko deia zabaldu zuten. Gainera gatazkaren mamiak konpontzeko deia egin zuten. Hori dela eta, "Euskal Herriko jendarteak bere protagonismoa" eduki dezan deia egin zuten. Argazkian, azaroko azken ostirala Leioan / © Leioako Herri Bilgunea.