Ikusgarritasunaren kultura baino gehiago, herritarrok sustatutakoa, autogestionatua lehenesten da erantzunetan: jai-batzordeek bultzatzen dituzten festa parte-hartzaileak, Getxoko taldeen lana suspertzea, kalearen erabilpena…
Kultura honek ez lituzke gazteak baztertu behar, lekua eman baizik, horretarako ezinbestekoak dira gaztetxeen bizirautea. Elkarteentzako diru-laguntzen politika ere aldatu beharra dago, eta herri-ekimenak sustatzera zuzendu beharko lirateke.
Euskarari dagokion lekua emateko eskaera maiz agertu da; gure hizkuntza benetan bultzatzeko politika baten aldeko apustua egin behar da aurrekontuetatik, zeintzuetan zeharreko gaia izan beharko lukeen.
Udalaren eta getxoztarren arteko komunikazioa ez ezik, herritarron artekoa ere sustatu behar delakoan, udal hedabideen funtzioa aldatzeaz gain, euskarazkoentzako diru-partida handiagoa eta herri-panelak eskatu dira. Kanpora begira beharrean, Getxoren mesedean egongo den eredu komunikatiboa bultzatzeko beharra ikusten da.
Gizarte-zerbitzuetan eskaerak anitz dira: preso getxoztarren familien diru-laguntzak berreskuratzea, indarkeria matxista jasotzen duten emakumeentzako lokal bat, jantoki sozialak, ludotekak, gizarte-laguntzak. Berdintasun politikak arreta berezia behar du: emakumeen eta gizonen arteko berdintasun plangintzak, etorkinen harrera-protokoloak, lana suspertzeko planak…
Lan arazoei aurre egiteko aukera ere legoke aurrekontuen bidez; prekarietatea eta kontrol-eza ahalbideratzen dituen azpikontratazioa baztertzea, udal langileen egoera hobetu -soldata-murrizketarik gabe- eta eskatutako lanpostuen balorazioa beharrezkotzat jotzen dira.
Horretaz gain, getxoztarren arteko lan-banaketa sustatzeko, lan-poltsak eta bertako enpresen kontratazioa lehenetsi beharko lirateke udal lehiaketetan.
Getxoko Bildu
bildu.info/getxo