Bihar, asteartea, lanuzte egun berri bati aurre egin beharko dio
Metro Bilbao garraio enpresak. Geldialdiak 9:45etik 12:45era izango dira. 11:00etan, berriz, prentsaurrekoa eta elkarretaratzea egingo dituzte langileek Bilboko Nafarroa kaleko bulegoen aurrean. Hilaren 7an Lan Harremanen Kontseiluan (LHK), Precon, izandako bileraren ostean, zuzendaritzaren jarrera salatu zuen greba batzordeak: "negoziatzaile ageri dira, baina akordioak lortzeko, irtenbide bat bilatzeko benetako foroetan auzia gaiztotu besterik ez dute egiten, jarrera zurrunekin". Beharginen ordezkariek aipatu dutenez, "tentsio handiko bileran, 9:30ean hasita, greba batzordeak kontziliazio eskaintza jarri zuen mahai gainean, LHKko pertsona bat zuzendaritzaren eta sindikatuen arteko bilera guztietan egoteko, bi alderdien arteko harremanak eta akordioa erraztera begira". Hala ere, langileen hitzetan, "alferrik. Zuzendaritzak uko egin zion langileen ordezkarien proposamenari. Hartara, indarrean da oraindik hilaren 21eko Santo Tomas egunerako 24 orduko greba deialdia. Bestalde,
gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu biharko Metro Bilbaok. Argazkian, azaroaren 11n Basauriko geltoki parean egin zuten prentsaurrekoa eta elkarretaratzea Metro Bilbaoko langileek / ©
LAB Metro Bilbao.