Arkaitz Goikoetxea Basabe getxoztarra epaitu dute gaur Espainiako Auzitegi Nazionalean, 2007ko abuztuaren 24an Guardia Zibilaren Durangoko kuartelaren aurkako atentatuan parte hartzea egotzita. ETAk jarritako bonba autoak kalte materialak eragin zituen polizia-etxean eta bi agente artatu behar izan zituzten zauri arinengatik. Bada, gaurko saioan, Azkorriko mutilaren kontrako 79 urteko zigor eskaera mantendu du Fiskaltzak. Europa Press albiste agentziak zabaldutakoaren arabera, kuartela zaintzen zebiltzan hiru guardia zibilek esan dute Goikoetxea zela "ibilgailuaren -furgoneta bat- gidaria"; baita "mozkor bat zela" uste zutela ere. Ustez, furgoneta aurrean aparkatu eta beste kotxe batean ihes egin zuen getxoztarrak. Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak, ordea, behin eta berriro salatu egin du "torturan oinarritutako beste epaiketa baten aurrean" gaudela, hots, "inkomunikazio aldian sinarazitako deklarazioak Guardia Zibilaren esku pairatutako tratu txar eta torturen ondorioz izan zirela". Argazkian, auzokide bat Arkaitz Goikoetxearen irudiari eusten.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!