Berdintasun formalaren garaia da: Erakundeek hainbat ekimen eta plan abiatzen dute, baina benetako eraldaketaren aldeko neurriak al dira? Nolabaiteko konpromisoa dagoela helarazi nahi dute, baina, abenduaren 3ko erasoak eta komunikabideetan egunero ikusten ditugun berriek erakusten dute berdintasun hori ez dela benetakoa. Beraz, ezinbestekoa da emakume eta gizonen arteko parekidetasunaren aldarrikapen hutsetik haratago joatea: parekidetasuna guztiok barneratzen eta gauzatzen dugun konpromisoa da, ala ez da sekula izango.
Garai berria zabaldu da Euskal Herrian, baina euskal emakumeon egoera bere horretan dago. Emakumeok pairatzen dugun indarkeria, jendartearen eremu guztietan sufritzen dugun diskriminazioaren ondorio latzena izanik, jendarte patriarkalaren oinarrian dagoen botere erlazioen adierazlerik latzena da.
Euskal Herrian eraldaketa politiko eta soziala gauzatzeko prozesuaren garapenak jauzi berri eta kualitatiboa ekarriko du gure herriaren askapen prozesuan. Emakumeok eraldaketaren ezinbesteko eragile gara, eta, horrenbestez, eraldaketan eragin behar dugu. Eta, noski, eraldaketa horretan, emakumeon kontrako indarkeriari aurre egitea ezinbestekoa da.
Bide horretan, Ezker Abertzaleko kideok emakumeon zapalkuntzari aurre egiteko konpromisoa berresten dugu, duela urte batzuk mugimendu feministak adostu Euskal emakumeon eskubideen karta oinarri. Gure proiektua oinarri feministetan sortu eta eraiki nahi dugu, mugimendu feministari dagokion papera aitortuz eta prozesu demokratikoan emakumeon kontrako indarkeriari aurre egiteko bitartekoak ere exijituz. Geure bizibaldintzak hobetzeko bidea marraztu eta hartu behar dugu.
Bide horretan, herrigintzan bezala, instituzioetan ere hartutako konpromiso horri tinko helduko diogu, politikoki zuzena den mezu hutsalari aurre eginez eta benetan eraldatzaileak izango diren politika feministak erdietsi eta aplikatzeko lanari ekinez.
Horregatik, bihar, abenduaren 13an, emakumeon kontrako indarkeriari aurre egiteko beste urrats bat eman behar dugu kalean, mugimendu feministak antolatu mobilizazioan parte hartuz. Beraz, bat egiten dugu Bilgune Feministak eta Andrak elkarteak Bulebarrean 19:00etarako deitu duten elkarretaratzearekin.
Abenduaren 13an altxa gaitezen! 19:00etan Bulebarrera!
Leioako Ezker Abertzalea