Euskal presoen eskubideen aldeko baraualdia egingo dute Euskal Herriko eragile politiko, sindikal eta sozialekigandera bitartean Donostian, Ibaeta Fakultatean. 24 orduko txandatan ariko dira. LAB, EILAS, ESK, EHNE eta Hiru sindikatuko ordezkariek hasi zuten atzo baraualdia. Gazte eragileek egiten ari dira gaur, ikasleek eta irakasleek asteazkenean, mugimendu feministek ostegunean, alderdi politikoen eta erakunde publikoen ordezkariek ostiralean, mugimendu sozialek larunbatean, eta iganderako elkarretaratzea deitu dute eguerdiko hamabietan Donostiako Bulebarren.
Leioa eta Erandioko campuseko elkarretaratzean irakurritako oharra:
Dakizuen bezala, atzo eman zitzaion hasiera astebeteko txandakako baraualdiari. Atzo eguerdiko hamabietan hasi eta gaur arte sindikatuetako ordezkariek egin dute barau Ibaetako campusean.
Gaur, gazte mugimenduaren txanda da; bihar, hezkuntza arlokoena; etzi, mugimendu feministarena; ostiralean alderdi politiko eta erakundeei tokatuko zaie; larunbatetik igandera mugimendu sozialek egingo dute; eta igandean eguerdiko 12:00etan Bulebarrean egingo den elkarretaratzearekin amaituko da.
Hau guztia zergatik? Euskal presoak Euskal Herrian nahi ditugulako, Parot doktrina bertan behera uztea nahi dugulako eta zigorra beteta zein larriki dauden presoak etxeratzea eskatzen dugulako. Gure herrian zabaldutako aro politiko berri honetan, badelako garaia espetxe politika konponbide gakoetan jartzeko.
Gaur gainera, hiru arrazoi gehiago ditugu protesta egiteko. Batetik, atzo Josu Esparza nafarra atxilotu zuen Frantziako poliziak. Urtarrileko polizia operaziotik ihes egin zuen eta ordutik Baionan eta Hendaian bizi izan da bizitza erabat publikoa eginez. Frantziako poliziak ordea, ezkutatuta egotearen delitupean eta Espainiak eskatutako euroagindua dela medio atxilotu du. Eta dagoeneko Madrilen dela jakin ahal izan da.
Bestetik, gaur goizean Donibane Garaziko etxe batean Ihintza Oxandabaratz eta Julen Mujika atxilotu ditu. Azken orduko datuen arabera, etxe bat miatzen ari dira Behe Nafarroako hiriburuan.
Azken gertaerok argi uzten dute estatuek ez dutela eure errepresioa gelditzeko eta baketzea zilegi izateko baldintzak sortzeko inongo asmorik. Errepresioak badirau; dispertsio politikak senide eta lagunak milaka kilometro egitera eta euren bizia arriskuan jartzera behartzen jarraitzen du; eta kalean behar luketen hainbat preso, barrote artean gatibu dituzte oraindik.
Horregatik guztiagatik, konpromisoa biderkatzeko, kalera irteteko eta urrats berriak emateko garaia da. Eta unibertsitate honetako ikasleok ere, bide horrekin bat egingo dugu. Gaur gazte mugimenduari dagokio 24 orduko baraualdia egitea eta bihar ikasle eta irakasleen txanda da. Hargatik, gaur hamabietan hasi eta berrogeita zortzi orduz luzatuko den baraualdia burutuko dugu ostegun eguerdira bitartean.