Santo Tomas egunerako deituta dagoen 24 orduko geldialdia saihestea "zail" ikusten dutela adierazi zuten atzo
Metro Bilbaoko langileen ordezkariek, "inolako gerturatzerik" ez delako lortu bi aldeen artean. Hala ere, abenduaren 21era bitartean, oraindik egunak geratzen direla azaldu zuten, eta hortaz, konponbide orokor bat lortzearen alde "eskua luzatuta" dutela erantsi zuten. Gaurkoan, berriz, Patxi Lopez izan da haizeak arrotu dituena. Eusko Jaurlaritzako lehendakariak "zentzuz eta arduraz" jokatzeko eskatu die sindikatuei: 24 orduko lanuztea bertan behera uzteko exijitu die. Horrela egin ezean, Eusko Jaurlaritzak gutxieneko zerbitzu handiak ezarriko ditu. PSE-EEren Gobernua antzeko kasuak aztertzen ari omen da. Hori horrela, Lopezek ohartarazi du badaudela %95 arteko zerbitzu minimoen adibideak, eta epaileek oniritzia eman zietela. Halaber, gutxieneko zerbitzuak urratzen dituzten langileei zigorrak ezarriko dizkietela gaineratu du. "Bitarteko guztiak erabiltzea agindu diot Herrizaingo sailburuari, metroko sabotajeak eta mehatxuak galarazteko", aipatu duenez. Argazkian, hiru orduko lanuztearen barruan, prentsaurrekoa eta elkarretaratzea egin zituzten atzo metroko langileek / ©
LAB Metro Bilbao.