Leioako Bilgune Feministak zabaldutako hausnarketa:
Emakumeen aurkako erasorik ez!
Abenduaren 3an emakume baten aurkako eraso sexista bat egon zen. Emakumeon aurkako erasoak larriak badira, are larriagoa izan da oraingoa, ume bati buruz ari gara eta.
Eraso honen aurrean Leioako Bilgune Feministatik honakoa adierazi nahi dugu:
1. Hainbat komunikabidek gaiari eman dioten trataera salatzen dugu; izan ere, arazo soziala dena testuingurutik atera eta “gertaera” huts baten moduan azaldu dute, morboan sakonduz eta beldurra zabalduz. Eraso hauen oinarria ez da gizon zoro zehatz baten jarrera, baizik eta emakumeak zapalduta gaudela, eta gizon eta emakumeen artean ematen den menpekotasun harremanen adierazle da.
2. Emakumeenganako erasoekin bukatzeko neurri zehatzak eta eraginkorrak hartzea exijitzen dugu, orain arte bultzatutako lege, protokolo eta neurriek ez baitute ahalbidetu arazo sozial larri honekin amaitzea. Erakundeek plan integral eraginkorrak abiatu behar dituzte prebentzioan, sentsibilizazioan eta ondorengo neurrietan kokatuta.
3. Era berean, autodefentsa feministak berebiziko garrantzia dauka. Emakume izateagatik jasaten dugun zapalkuntzari erantzuteko emakumeok jarrera aktiboa hartzea nahitaezkoa da. Emakumeok subjektu izanik dugun indar, babes eta konfiantzari esker mugak gainditu eta egoera irauliko dugu.
Emakumeok inolako beldurrik gabe eta lasaitasunez ibiltzeko eskubidea dugulako, kalean eta edonon izan gaitezen egoeraz kontziente, egin diezaiegun aurre eraso sexistei denon artean eta altxa dezagun jendartea.
Atzoko elkarretaratzea iruditan