Eneko Arruebarrena Leioako EAJko alkateak Errekalde plazako Nagusien Etxea erabiltzea galarazi dio
Bilduri, koalizio independentista eta soberanistak salatu duenez. Aurrekontu parte hartzaileak sustatzeko herri batzarra egin gura zuten bertan. Hori horrela, bilkura Kurkudi herriko tabernan egingo dute bihar, osteguna, 19:30ean. "Alkateak dioenez, Bilduk Leioako herriko kaleetan kartelak jarri ditu eta, horregatik, gai honen inguruko 2007ko ordenantza ez du bete. Honen ondorioz, dekretu baten bitartez udal lokalaren erabilera ukatu digu", argitu dute koaliziokoek. Afixak jarri dituztela aitortzeaz gain, Udalari berari egotzi diote gauza bera egitea: "Leioako kaleetan Udalak, Foru Aldundiek, instituzioek, elkarteek, herri mugimenduek… denek jartzen dituzte kartelak. Hau gertatzea erabat normala da", esan dutenez. Are gehiago, hori horrela izateko azalpena ere badaukate koaliziokoek: "Leioako kaleetan ez dago inolako azpiegiturarik herriari berri emateko, deialdiak, hitzaldiak, kanpainak, ekitaldiei buruz informatzeko. Dauden iragarki zilindro apurrak enpresa komertzialek erabiltzen dituzte eta existitzen diren beste panelen erabilera ordaindu behar da". Argazkian, Eneko Arruebarrena Leioako alkate jelkidea.