Presoen eskubideen aldeko mozioa hilaren 27ko udal batzarrera eramango du Getxoko Bilduk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko abe. 14a, 22:32

Abenduaren 27ko udal batzarrean euskal preso politikoen eskubideen gaia jarriko du mahai gainean Getxoko Bilduk. Ohiko osoko bilkura 17:00etatik aurrera izango da eta bertaratzeko eskaera luzatu diete herritarrei koalizioko kideek. Besteak beste, Egin Dezagun Bidea ekimenak deitutako urtarrilaren 7ko mobilizazio orokorrarekin bat egitea eskatuko diote Udalari. Horixe bera jakinarazi du Maitane Nerekan Getxoko Bilduko bozeramaileak, gaur eguerdian udaletxe aurrean egindako elkarretaratzean. Aurretik, "Tortura Euskal Herrian" dokumentala ikusteko parada izan dute hainbat lagunek. Saioa sotoko alderdien gela mankomunean egin behar izan dute tokiko agintariek udal batzar aretoa zein informazio batzordeak egitekoa "erabiltzeko baimenik eman ez" dielako. Horren kontura, "udal instalazioak bideo alderdikoi bat zabaltzeko erabiltzea" leporatu dio Getxoko PPk Bilduri. Argazkian, Getxoko udaletxe aurrean egin dute presoen aldeko elkarretaratzea 25 lagunek, Bilduk deituta.

Euskal presoen eskubideen alde Bildu Getxo Udal Taldeak aurkeztutako mozioa:

Une historiko bizi dugu Euskal Herrian. ETA erakundeak borroka armatua behin betiko uzteko konpromisoarekin, ziklo politiko berri bati hasiera emateko oinarria sendotu da. Azken hamarkadetan bizi izan dugun konfrontazio armatua behin betiko ixteko aukera eta eztabaida demokratikoan oinarritutako eszenatokiaren ateak ari dira irekitzen.

Gernikako Akordioan hitzartutakoari jarraiki, eta Aieten Nazioarteko Komunitateak zabaldutako mandatuaren norabidean, ETAren erabakiak, gatazka politikoa, bake bidera eramateko aukera baten aurrean jarri gaitu. Normalizazio politikora bidean eman beharreko urratsetan, besteak beste, euskal preso politikoen eskubideen errespetua bermatu beharko da. Gernikako akordioaren hitzetan, ezinbestekoa da, “Euskal preso politikoen aurka aplikatzen den espetxe-politika etetea, konfrontaziorako estrategia gisa erabili da eta”. Era berean, honako neurri hauek hartzea, amnistiarako bidean lehen urrats moduan, gatazka politikoak eragindako preso eta iheslari bat bera ere egon ez dadin: preso guztiak Euskal Herrira ekartzea, dispertsioarekin amaituz. Gaixotasun larriak dituzten presoak aske uztea. Epaituak izateko zain dauden preso prebentiboei behin-behineko askatasuna ematea. Legeak ezarritakoak beteak dituzten zigortutako preso guztiei, baldintzapeko askatasuna ematea. Legeak jasotzen dituen espetxe-onurak aplikatzea, murrizketarik eta arbitrariotasunik gabe eta azkenik, zigorra betetzeko muga berrogei urtetan ezartzen duen legedia indargabetzea”.

Getxon ere, aipatutako egoera bidegabeak pairatzen ari diren kasuak ditugu. Angel Figeroa algortarrak gaixotasun larria duen arren, bere osasunarentzat kaltegarriak diren neurri zorrotzen menpean bizi behar du. Gorka Garciak espetxean jarraitzen du kondenaren 3/4ak beteta dituen arren. Imanol Beristain eta Jon Rosales espetxean daude, oraindik epaituak izan ez badira ere. Azkenik, Getxoko 19 Euskal Preso Politikok eta beraien lagun eta senideek, dispertsioaren ondorioak pairatu behar dituzte egunero, Espainiako eta Frantziako espetxeetan dispertsatuta baitaude.

Euskal gizarteak urte asko daramatza, preso politikoen eskubideen bermeak eskatzen. Urteak, presoen aurkako neurriek senideengan dituzten ondorio larriak salatzen. Urteak, estatu espainiar zein frantsesari, beren legea betetzeko eskatzen.

Munduan eman diren prozesu politiko desberdinetan bezala, Euskal Herrian ere preso politikoen errealitateari konponbidea eman behar zaio. Era berean, konponbide politikoaren baitan, presoek ere parte izan behar dutelarik. Ziklo bat behin betikoz itxi eta etorkizunean aske egingo gaituen ziklo berria indarrez irekitzeko.

Azken asteetako hitz eta ekintzei begira jarriz, Madril eta Parisetik ez da egoera berriaren tamainako urratsik eman. Presoen dispertsioak bere horretan jarraitzen du. Senitartekoek milaka kilometro egiten jarraitzen dute. Hamarnaka euskal presok, Parot Doktrinaren ondorioz, hil arteko zigorra betetzen jarraitzen dute. Gaixotasun larriekin dauden hainbat presok baldintza kaxkarretan jarraitzen dute. Egoera hau errotik aldatzea eta atzerapenik gabeko urratsak ematea ezinbestekoa deritzogu.

Hori guztia kontuan hartuko,honako adierazpen hau aurkezten dugu Getxoko Udaleko Osoko Bilkura honetara, eztabaidatua eta onartua izan dadin:


1.- Udal honek, bizi dugun aukera historiko honen aurrean, Euskal Preso Politikoen eskubideen errespetua eskatzen du. Hala nola, besteak beste, dispertsioaren amaiera eta preso guztien Euskal Herriratzea, gaixotasun larriak dituzten presoen askatzea eta zigorra beteta dutenen askatzea.

2.- Udal honek datorren urtarrilaren 7an Euskal Preso Politikoen eskubideen alde burutuko den Manifestaldiarekin bat egiten du.

3.- Gure udalerriko eragile guztiei deialdia luzatzen diegu urtarrilak 7ko mobilizazioarekin bat egin eta beronen eskutan dagoena egin dezaten bere ekimen kultural, sozial edo kirolaren alorrekoen ordutegiak berau indartze aldera kokatu ditzaten.

4.- Herritarrei deialdi zabal eta anitza luzatu nahi diegu ezberdintasun politiko guztien gainetik giza eskubideen alde urratsa eman eta herri honek inoiz ezagutu duen mobilizaziorik handiena denon artean osatu dezagun.

Getxon, 2011ko Abenduaren 14ean
Maitane Nerekan Umaran
Bildu Getxo Udal Taldearen Bozeramailea
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun