Pasa den asteko asteazkenean, hilak 7, euskal preso eta iheslariak etxeratzearen aldeko panel erraldoi bat frontoitik kentzea agindu zuen Berangoko Udalak. Gainera, enpresa bateko beharginek lan hori egiten zuten bitartean argazkiak ateratzeagatik bi pertsona identifikatu zituzten Ertzaintzako hiru patruilek. Gatibuen aldeko egur oholak abenduaren 4an jarri zituzten zenbait solidariok ekimen ikusgarri batean, Sei Herri kultur elkartea urteroko
ibilaldi neurtuko egitaraua ospatzen zebilela. 29. edizioak inoiz baino jende gehien erakarri zuen, 169 bikote. Bada, Berangon presoen alde aritzen diren hainbat auzokidek EAJren jarrera gaitzesten dutela jakinarazi diote UKBERRI.NETi. Jeltzaleei kontradikzioetan erortzea leporatu diete, herrian zein nazioan dispertsioaren aurka agertu eta Berangon "Euskal presoak Euskal Herrira" lelopeko mozioa onartu ondoren "hori aldarrikatzen dauen ikurra bat kenduarazteagatik". Aipatu behar da mozio horren onarpena ez dela agintaldi honetan gertatu, gutxienez Bilduk ez baitu oraindik horrelakorik aurkeztu. Argazkian, beharginak presoen aldeko oholak kentzen / © Sei Herri kultur elkartea.