Mumia Abu Jamalen auzia izango dute hizpide iluntzean Larrabasterran

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko abe. 16a, 12:47

Euskal Herriko Mumiaren Lagunak elkarteak hitzaldia emango du gaur iluntzeko 7:30etik aurrera Larrabasterrako Plaza Beltza herri kultur gunean. Mumia Abu Jamal AEBetako Filadelfiako Kazetari Beltzen Elkarteko presidente, irrati kazetari, Pantera Beltzetako ekintzailea eta idazlea atxilotu, espetxeratu eta heriotzara zigortu zutenetik 30 urte bete ziren hilaren 9an. Nazioarteko deialdiarekin bat eginez, Uribe Kosta eskualdean ere hainbat ekimen burutu ziren. Argazkian, azaroaren 26ko Sopelako Mural Politikoen II. Topaketetan Mumia Abu Jamalen aldeko murala margotu zuten / © Euskal Herriko Mumiaren Lagunak.

Daniel Faulkner polizia hil izana leporatu zioten Mumia Abu Jamali 1981ean eta hurrengo urtean kondenatu zuten. Jada orduan, Poliziak egindako "muntaia" eta Justizia Administrazioak erabilitako "arrazakeria" salatu egin zuten ezkerreko eta beltzen mugimendu anitzek eta nazioartean heriotza zigorraren aurkako mugimenduaren ikonoa bihurtu zen kazetaria. 2008ko martxoaren bukaeran epaiketa berria egitea ukatu egin zion Filadelfiako Helegite Auzitegi Federalak. Aurkako boto batekin eta bi aldeko botoekin froga berriak baztertu eta kazetariaren "erruduntasuna" berretsi zuen auzitegiak. Kaleratutako autoan, Abu Jamalen aurkako heriotza zigorra ordeztu zuen bizi arteko espetxe zigorra ezarriz.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun