Bihar eta etzi, larunbat eta igandearekin, zazpigarren azokatxua egingo dute Sopelan, udalerriko Plaza Beltza kultur elkarteak antolatuta. Goizeko 11etatik arratsaldeko 6ak arte, liburuek eta literaturak hartuko dute frontoiaren kanpoko aldea, antolatzaileek "bigarren eskuko kamioikada bat liburu merke-merke eta politxe" agindu dutela. Euro banatan salduko dituzte eta, gainera, trukea egiteko aukera ere izango da. Izan ere, Plaza Beltzak sortutako liburutegi herrikoiaren ildoan ez dauden eta hainbat herrikidek eman dizkieten liburuak prezio ezin merkeagoetan salduz, irakurzaletasuna herrian eta eskualdean zabaldu eta herri liburutegia eta komunikazio-topagunea finantzatu nahi dute. Asmo horrekin orain dela bost urteko Gabonetan lehenengo "azokatxua" antolatu zuten, "arrakasta handiz" gainera, ehunaka pertsona bertatik igaro eta dozenaka eta dozenaka liburu erosi baitzituzten. Ekitaldi horietan eta txosnetan metatutako diruarekin eta hainbat lagunek jarritako ahaleginari esker, orain bi urte zabaldu zuten herri liburutegia Larrabasterran. Argazkian, herri liburutegian txikienek ere beraien lekua dute.