Bizkaiko Aizkolari Txapelketako finala jokatuko da gaur goizeko 12:30etik aurrera, Urdulizko probalekuan. Zaleek, Amando Larrea, Aritz Irazabal, Julen Mendieta, Alex Txikon, Jesus Gisasola eta Aitzol Atutxa gure lurraldeko sei aizkolari trebeen norgehiagoka izango dute ikusgai. Aizkolariek pagoko egurrezko zortzi enborri egin beharko diete aurre. Zehazki, 54 ontzetako lau enbor, 60 ontzetako bi enbor eta 72 ontzetako beste bi enbor moztu beharko dituzte. Antolatzaileen arabera, lehia gogorra espero da titulua, garaikurra eta 1.300 euroak bereganatzeko borrokan. Hala ere, parte hartzaile guztiek jasoko dute sariren bat. Horrela, bigarren sailkatuko denak 1.080 euro eta garaikurra jasoko ditu, hirugarrenak 1.030 euro eta garaikurra, laugarrenak 980 euro eta garaikurra, bosgarrenak 930 euro eta garaikurra, eta azkenik seigarrenak 880 euro eta garaikurra bereganatuko ditu. Argazkian, aizkolaritza erakustaldi bat Algortako Indabadan.