Espainiako Auzitegi Nazionalak bi urteko espetxe zigorra ezarri dio Ion Etxegarai Begoña sopeloztarrari,
hainbat albiste agentziek zabaldu dutenez. Tribunalak "frogatutzat" eman du mutila "2002ko martxoaren 15ean Algortako Iturgitxi kaleko La Caixaren kutxazain batean lehergailu bat jartzen ibili zela". Horretaz gain, 17.199 euroko kalte-ordaina eman beharko dio aipatu bankuari Etxegaraik. Hala ere, Jose Ricardo de Prada epailearen kontrako iritzia izan du sententziak. Magistratuaren arabera, "kale borroka ekintza bat ez da automatikoki terrorismo ekintza bat bailitzan hartu behar". Horri jarraiki, delitua "preskribatuta" eta gaztea "zigorrik gabe" egon beharko lukeela uste du De Pradak. 2010eko azaroaren 24an atxilotu zuten Ion Etxegarai, bere kabuz epailearengana aurkeztera zihoanean. Handik lau hilabetera, martxoaren 30ean, askatu zuten, 20.000 euroko fidantza ordaindu ondoren. Argazkian, Etxegarai atxilotu zuten egunean auzokideek egindako protesta.