Getxoko Bilduk parte-hartze prozesua abian izan du azaroan eta abenduan zehar, aurrekontuen inguruan herriko elkarte eta eragileen iritzia eta proposamenak jasotzeko. Maitane Nerekan eta Bingen Saitua zinegotziek azaldu dutenez, arlo ezberdinetan lan egiten duten 30 eragilerekin (euskalgintza, auzo elkarteak, feministak, gazteak, sindikatuak, komunikabideak, etorkinak, eta abar) egon dira, bost bileretan. Horiek 100 proposamen baino gehiago luzatu dizkiete. Gaur egun, jasotako proposamenak aztertzen ari dira: "horietatik premiazkoentzat jotzen ditugunak Bilduren herri-programakoekin uztartu eta EAJri eramango dizkiogu. Badakigu eramango ditugun proposamenak gauzatzeko aukerak badaudela, horiek diru-partida ezberdinetan islatuz; hori da, hain zuzen ere, EAJri helaraziko diogun mezua, eta horregatik hitz egiteko prest agertu gara hasieratik", azaldu dute koaliziokoek. Hala ere, beraien hitzetan, horrek "ez du esan nahi inolako aurrekontu proposamenari baiezkoa" emango diotenik: "Euskal Herri osoan egin bezala, Getxoko Bilduk ez du herriarekin kontatu gabe aurrera eramandako makroproiekturik onartuko. Itzubaltzeta / Romoko Kultur Etxearen —aipatu herrian egin dute agerraldia— zein Getxo Antzokiaren kasuan, benetako parte-hartze prozesuak martxan jartzea exijituko dugu, falta diren faseak esleitu aurretik", ohartarazi dutenez. Argazkian, Saitua eta Nerekan gaurko prentsaurrekoan.