Getxolandian ohi denez, Areetako atrakzio eta simulagailuen gunea 2.500 metro koadroko karpa batekin estali da, metroko sarreraren ondoan. Horrela, "eguraldia lagun izan ez arren, parkearen funtzionamendu egokia bermatuta dago", Kultur Etxeko kideek argitu dutenez. Bertan, 2 eta 16 urte arteko neska-mutikoek honako atrakzio hauetaz gozatzeko aukera dute: zaldiko-maldikoak, ohe elastikoak, dragoiak, karrusela, auto-txokeak, noria eta 1 eta 2 urte arteko haurtxoentzako ludoteka.
Halaber, 8 eta 16 urte arteko erabiltzaileak erakartzeko asmoz, aurten zortzi simulagailu hartu ditu parkeak Areetan ere. Horrezaz gain, hainbat joko ere dira bertan: mahai-futbola, ping-pong eta aire mahaiak, dantza eta karaoke makinak eta Wii jokoak. Atrakzio, simulagailu eta joko gunearen sarrera 3,50 eurokoa da eta txartel bakoitzak 6 bidaia egiteko balio du.
Bestalde, Algortako Biotz Alai plazan adin guztietako lagunek 600 metro koadroko izotz gaineko patinaje pistaz gozatu ahal izango dute. 45 minutuko saioa 3,50 euro balio du eta prezioak patinaje egiteko ekipamendu guztia barne hartzen du.
Egutegi eta ordutegia
Areetako atrakzio-gunea urtarrilaren 5era egongo da zabalik. Horren ordutegia honako hau da: 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara, abenduaren 24an eta 31n eta urtarrilaren 5ean izan ezik, horietan ordubete lehenago itxiko baita arratsaldean. Abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean itxita egongo da.
Izotz-pistari dagokionez, hilaren 17an zabaldu zuten eta urtarrilaren 9ra egongo da zabalik. Atrakzio-gunearen ordutegi bera izango du, gaur salbu, arratsaldez baino ez da irekiko eta. Abenduaren 24an eta 31n eta urtarrilaren 5ean ordubete lehenago itxiko da eta abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean eta 6an itxita egongo da.