Aste hasieran zabaldutako epaiaren bidez, Ion Etxegarai Begoñari bi urteko espetxe zigorra ezarri dio Espainiako Auzitegi Nazionalak. Sopelako Udalbatzak, ordea, ez zuen atzoko bilkuran Bilduk bere herrikidearen alde aurkeztutako mozioa onartu. EAJk, PSE-EEk eta PPk botoak batu zituzten proposamena atzera botatzeko. Mozioan argudiatu dutenez, Etxegarairi leporatzen dizkioten karguak "orain dela 10 urtekoak" dira eta, epaileetariko batek, Ricardo de Pradak, onartu egin du boto partikularra emanez, "ekintza horiek preskribituta" daudela. Are gehiago, "epaitutako ekintzak ez direla, duten izaeragatik eta helburuengatik terrorismo ekintzatzat hartu behar". "Honez gain, 10 urte hauetan Ionek bizi, ikasi eta lan egin du Sopelan egunero normaltasun osoz", zinegotzi independentistek nabarmendu dutenez. 2010eko azaroaren 24an atxilotu zuten Etxegarai, bere kabuz epailearengana aurkeztera zihoanean. Handik lau hilabetera, martxoaren 30ean, askatu zuten, 20.000 euroko fidantza ordaindu ondoren. 2002ko martxoaren 15ean Algortako Iturgitxi kaleko La Caixaren kutxazain batean lehergailu bat jartzea leporatuta, bi urteko espetxe zigorra eta 17.199 euroko kalte-ordaina ezarri dizkiote gazte sopeloztarrari. Argazkian, Etxegarai atxilotu zuten egunean auzokideek egindako manifestazioa.