Pasa den urriaren 14an estreinatu zen Asier Altunaren
"Bertsolari" filma. Uribe Kostak bertsolaritzan tradizio eta ekarpen handia izan arren, zinemagintzako banaketa sareen misterioek eskualdetik kanpo utzi zuten pelikula.
Algortako Bertsolari Eskolak, baina, horrelako huts egitea zuzentzeari ekin zion eta Getxoko euskal kulturaren jardunaldien barruan aurkeztu zuen, azaroaren 29an Algortako Kasinoan 200 bat ikusle batu zituztela. Gaur, iluntzeko 7etan, bertsolaritzaren aldarrikapen hori ikusteko aukera izango da berriro ere, Sopelako Kurtzio kultur etxean. Ondoren, zine-foruma izango da, Asier Altuna zuzendariarekin eta Xabi Paya Bizkaiko txapelduna eta ALBEko kidearekin solasean aritzeko parada baliatu ahal izango dela. Bestalde, gaur Sopelara bertaratzeko aukerarik ez dutenek, beren ordenagailuetako pantaila txikietan filmari so egitea izango dute. Izan ere, orain aste batetik hona bertsolarien sorkuntzari buruz egindako dokumentala honako helbidean eskegi baitute:
www.filmin.es/pelicula/bertsolari. Pelikula honek, besteak beste, Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Miren Amuriza, Jon Sarasua eta Amets Arzallus bertsolarien partaidetza izan du. Argazkian, filmaren irudi bat / © Asier Altuna - Txintxua Films.