Loiolako atzoko agerraldian auzipetuak adina desobeditzeko era baliatuko dituztela iragarri zuten 28ek elkarrekin. Lehen ekimena Aske Gunearen sorrera bera izango dela esan zuten eta Madrilera joan direnek ere desobedientzia baliatuko dutela. Bada, Espainiako Auzitegi Nazionalean, Ángela Murillo epaileak lehenengo saioari hasiera ematera zihoanean, zutitu eta, besteak beste, "Konponbidea bai" eta "Epaiketarik ez" leloak irakur zitezkeen kartelak erakutsi dituzte. Hori ikusita, Murillok epaiketa bertan behera utzi du, behin-behinean. "Gauera arte geratuko gara behar izatekotan!", ohartarazi die,
Europa Press albiste agentziak zabaldu duenez. 28 auzipetuetako bost ez dira bertaratu, eta Loiolan antolatutako Aske Gunean geratu dira. Hala, Angela Murillo buru duen auzitegiak horiek bilatzeko eta atxilotzeko agindua eman du. Bost horiek Jacint Ramirez Cruz, Xabier Arina, Imanol Salinas, Irati Tobar eta Igarki Robles dira, eta epaiketak irauten duen bitartean, abendura arte gutxi gorabehera, preso egon beharko dutela ohartarazi du epaileak. Atxilotzeko aginduaren berri izan bezain laster, Loiolara bertaratzeko deialdia egin dute Aske Gunearen antolatzaileek. Segi gazte erakunde ilegalizatuko buruzagiak izatea leporatuta, Imanol Beristain Gutierrez itzubaltzetarra eta beste 27 gazteentzat seina urteko espetxe zigorrak eskatzen dituzte. Argazkian, uztailean Itzubaltzetan egindako agerraldia.