Sindikatuetako iturriek azaldu dutenez, Oleagari soldaten izoztearen inguruko txostena entregatzeko eskatu diote aztertu ahal izateko. "Emango digula esan digu. Egiten badu, aurrerapausoa izango da gardentasunaren bidean. Proposamen idatzia ematen badigu, asanbladak benetako aldaketa bat ote den esan ahal izango du", adierazi dute aipatu iturriek.
Atzoko batzarra
Ohar batean, zuzendaritzak langileen batzordearekin egindako bileraren nondik norakoak azaldu zituen atzo. Bilera horretan, Txema Oleagak bere burua aurkeztu zien langileen ordezkariei. "Bilerak goiz osoa hartu digu eta alde biek gatazka konpontzeko borondatea dugula goraipatu dute parte-hartzaileek", azaldu zutenez. Horretarako, "beharrezkoak diren" hartu-eman guztiak burutuko dituztela azaldu zuen Metro Bilbaok. Horrez gain, Oleagak metroko egoera zein den ezagutu nahi izan zuen bere aurreneko bilera horretan. "Metroak bere irudi ona berreskuratu behar du, eta horretarako eztabaida eta sen ona erabili beharko dugu", azpimarratu zuen.