Espainiako Auzitegi Gorenak 2009ko apirilaren 27an ateratako epaiaren bidez bertan behera utzi zuen Euskal Herriko Unibertsitateak 2004ko urriaren 28an onartu zuen presoen ikasketak arautzeko protokoloa. Hurrengo egunean, erabaki horren aurkako helegitea aurkeztuko zuela adierazi zuen Iñaki Goirizelaia EHUko errektoreak. Ebatzitakoaren arabera, Frantziako espetxeetan dauden presoei ere EHUn ikasketak egiteko aukera ezeztatzen zien Gorenak. Auzitegi horrek aintzat hartu zuen EHUren protokoloa ontzat jo zuen EAEko Justizia Auzitegiaren epaiari Estatuko Abokatuak jarritako helegitea. Horretarako, unibertsitateak eta Espainiako Espetxe Zuzendaritzak hitzarmenik ez dutela argudiatu zuen auzitegiak.
2003-2004 ikasturtean
Izan ere, 2003-2004 ikasturtean, Askatasunaren Aldeko Irakasleen Plataformak Jose Maria Aznar Espainiako Gobernuaren presidenteari eskatu zion Espetxeetako Lege Orokorra aldatzea, EPPKren presoak EHUn ikastea ezinezko bihurtzeko. Plataforma hori Gotzone Moraren, orduan Getxoko PSE-EEko zinegotzia eta EHUko katedraduna, inguruan sortu zen eta bera izan zen bere bozeramailea eta presoek zituzten ustezko "pribilegioen" salatzaile mediatikoa. Handik aurrera ikasketa guztiak UNEDen bitartez egin behar izan ziren, nahiz eta hainbat ikasketa bertan ezin burutu eta euskara ezin erabili. Manu Monterok eta Juan Ignacio Perez Iglesiasek Espetxeetako Zuzendaritzarekin hitzarmena berregiten saiatu ziren, beti ezetza topatu zutela. Azkenean, 2004ko urriaren 28an EHUk protokoloa onartu zuen eta 2005eko martxoan Frantziako espetxeetan zeuden 57 presoren matrikulazioekin ekin zion berriro lurralde hartan ikasketak emateari; Auzitegi Gorenak protokoloa bertan behera utzi zuen arte.