Astearteko Osoko Bilkuran, eta EAJ, PP eta PSE-EE alderdietako zinegotzien aurkako bozekin,
Getxoko Bilduko Udal taldeak aurkeztutako euskal
presoen eskubideen aldeko mozioa errefusatu zuen Udalak. Beste argudioen artean, urtarrilaren 7an Bilbon egingo den manifestaziorako deialdiarekin bat ez egitea azaldu zuten EAJkoek Bilduk aurkezturiko mozioaren aurka bozkatzeko; beste arrazoi batzuk ere bazirela aitortu arren, ez zituzten horiek aipatu, eta, esan bezala, bozketan bat egin zuten PP eta PSE-EE alderdiekin. Dena den, eta Getxoko Udalaren babesa ez izan arren, hainbat getxoztarrek dagoeneko beren atxikimendua adierazi dute, bai urtarrilaren 7ko manifestazioarekiko bai abenduaren 30ean Algortan egingo den kontzentrazioarekiko. Argazkian, Getxoko udaletxe aurrean egin zuten presoen aldeko elkarretaratzea hilaren 14an 25 lagunek, Bilduk deituta.