"Pentsatu, sortu eta trukatuz, autogestioa bultzatu!" lelopean, hilaren 16, 17 eta 18an egin behar zituen kontsumismoaren aurkako ekimenak Algortako Gazte Asanbladak (AGA). Eguraldia, ordea, ez zuten lagun izan tokiko neska-mutilek eta bertan behera utzi behar izan zuten. Hori dela eta, barkamena eskatu diete AGAkoek auzokide guztiei. Algortarrekin zorra daukatela jabetuta, bihar, ostiralarekin, egingo dituzte ekimen horiek guztiak Telletxe plazan. Hitzordua 11:00etatik 14:00etara jarri dute. Horrenbestez, "pentsatu" hitzari helduz, publizitate sexista salatzeko erakusketa paratuko dute bertan. "Sortzeko", berriz, hainbat tailer eskainiko dituzte. Azkenik, "trukerako" aukera ere egongo da, Telletxen jarriko duten azokaren bitartez. Biharko ekimena urriaren 29ko Indabadarekin abiatutako "
Algortako gazteon irrintzia: okupazio eta autogestioa" lelopeko kanpainaren baitan kokatu du AGAk. Argazkian, truke azokako aurreko edizioetako bat Algortan.