Berangoko Udalak Kukullaga Goikoa baserria erosteko zuen aukera baliatu zuen atzo,
EHNE-Bizkaiak zabaldu duenez. Jesus Goiti Infante mailegu-emailearekin
erdietsitako akordioari jarraituz, Udalak atzo goizean erosi zuen Koldo eta Tere 80 eta 70 bat urteko baserritarren etxea. Horrela, "beren etxean duintasunez bizitzen jarraitu ahal izango dute", Anabel Landa alkateak eta Unzalu Salterain sindikalistak urrian aurreratu zutenez. Udalak baserria, lur-sailak eta bertan dagoen "kultur eta historia balore handiko XVII mendeko errota" erosteko 10.000 euroko bermea jarri zuen urrian eta urtea bukatu aurretik beste 190.000 euro ordaintzea adostu zuen orduan. Baserritarrez gain, semeek ere baserrian bizi ahal izateko borondatea agertu zuen udal mandatariak. Kukullaga Goikoa auzia lukurreriaren eta maularen mugan dauden kredituei buruzko eztabaida piztu zuen pasa den irailaren 27an. Orduan dozenaka lagunek, alkateak eta sendiaren abokatuak gelditu zuten agureen kaleratzea. Ostean, EHNE Bizkaiak eta Berangoko Udalak bitartekaritza lanak egin zituzten aferan.