Arrosa irrati sareak "Euskal Herrian bada zer entzun!" jardunaldiak aurkeztu ditu

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko abe. 30a, 15:25

"Euskal Herrian bada zer entzun! Irratiok elkarlanean" irrati jardunaldiak egingo ditu datorren otsailaren 25ean Arrosa Sareak, Bergarako gaztetxean. Atzo, Euskal Herriko irrati libre, komunitario eta euskaldunen topaguneak toki berean aurkeztu zuen ekimena, sareko hamargarren urteurrenarekin bat egiten duena. Arrosako partaidea izan da hasieratik desagertze bidean dagoen Koska irratia. Sortze bidean den Justuri irratia, eskualdeko egitasmo euskalduna, berriz, dagoeneko harremanetan dabil bertako partaide izateko. Arrosako kideek atzo azaldu zutenez, "irrati txikiok, gehienok ez-profesionalak gainera, eguneroko lanean agertu zaizkigun beharrei erantzuteko tresna propioak sortu behar izan ditugu. Horretara datoz jardunaldi hauek, hain zuzen ere: tresna hauek elkartrukatzera, bakoitzaren ezagutza besteekin konpartitzera". Otsailaren 25ean, goizez, hamar tailer emango dituzte, "oinarrizkoenetik, teknikoenera. Beti ere, kontu praktikoak". Herri bazkari baten ostean, arratsaldean generoa eta komunikabideak eta irratiak eta teknologia berriak gaien inguruko solasaldiak izango dira, esperientzia ezberdinen lekukotasunetatik abiatuta. Ondoren, World Cafe moduko saioan eztabaida piztuko dute. Gauean, kontzertu batek emango dio bukaera egitarauari. "Hastear dauden herri- edo auzo-irratiei dei berezia" egin diete jardunaldian parte hartzeko. Argazkian, atzoko aurkezpena / © Arrosa Sarea.

Prentsaurrekoaren bideoa (© Beragarako gaztetxea)



Arrosaren komunikatua

Euskal Herrian bada zer entzun! Irratiak elkarlanean, 1. jardunaldiak

Arrosa Sarea duela ia hamar urte sortu zen. Euskal Herriko hainbat irrati txikiren arteko elkarlana, edo gaur egun hainbeste entzuten dugun auzolana, oinarri hartuta, sarea eraiki zen, eta 2002ko maiatzetik gaur artekoak lanean eman ditugu. Sarearen funtzio nagusia euskarazko irratsaioak elkartrukatzea izan da, orain artean. Hori dela medio, Donibane Garazin ekoitzitako musika irratsaio batek entzuleak ditu Iruñeko kaleetan, edo hasi berritan dabilen irrati batek programazio duin askoa egin dezake Gasteizen edo Urretxun egindako saioak erabilita.

Bada zerbait. Hala ere, sareko kideok beroni etekin handiagoa atera ahal geniola pentsatu izan dugu beti. Elkarlanean beste hainbat gauza ere egin ahal genituelakoan geunden. Irrati txikiok, gehienok ez-profesionalak gainera, eguneroko lanean agertu zaizkigun beharrei erantzuteko tresna propioak sortu behar izan ditugu. Horretara datoz jardunaldi hauek, hain zuzen ere: tresna hauek elkartrukatzera, bakoitzaren ezagutza besteekin konpartitzera. Hamar tailerretan hamar gairen inguruan lanean arituko gara. Oinarrizkoenetik, teknikoenera. Beti ere, kontu praktikoak. Honekin, hasi berri diren, edo hastear dauden, herri- edo auzo-irratiei dei berezia egin nahi diegu jardunaldiotara etortzeko. Ateak zabalik daude interesa daukan edonorentzat.

Lanotan goiz partea emango dugu, bazkaldu eta arratsaldeko saioari ekiteko. Arratsaldean pare bat gairen inguruan solasean arituko gara nagusiki, berauek landu dituztenen esperientzietan oinarrituta. Batetik generoa eta komunikabideak gaia hartuko dugu hizpide, eta bestetik irratiak eta teknologia berriak. Eguna gerturatu ahala esango dizuegu zein esperientziaren inguruan ariko garen, eta nortzuk izango ditugun gonbidatu.

Jardunaldiei amaiera emateko, denon arteko eztabaida saiotxo bat egingo dugu, Word Cafe moduan, eta nola ez, Euskal Herrian ezin da bestela eta, Gauerako kontzertu pare bat ere antolatu dugu.

Hau guztia Bergarako Gaztetxean izango da otsailaren 25ean, larunbata, goizeko 10:00etan hasita.

Informazio gehiago nahi izatera idatzi arrosa.sarea@gmail.com helbidera edo deitu
656 748 025 telefonora (Jon)

Arrosa Irrati Sarea
2011ko Abenduaren 29an, Bergarako Gaztetxean
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun