Getxo udalerriko 21 presoen argazkiak agerian zeudela, banan-banan osatu dute "Hator etxera" leloa, urtean zehar gatibuen eskubideen alde lan egitera konprometitu diren herriko eragileak: Koska irratiak, txalapartariek, UKBERRI.NET agerkari digitaleko kideek, euskalgintzako langileek, dantzariek, Itsasoruntz ekimenak, gazte auziperatuek, San Nikolas ikastolako langileek, musikariek, herriko gazteek eta presoen senideek irudien atzean hartu dute tokia, kriseilu bana eskuan. Izan ere, preso eta iheslari politikoen etxeratzea aldarrikatzea zen urteko azken ostiraleko elkarretaratzearen ardatz nagusietako bat. Urtarrilaren 7ko manifestaziorako deia, berriz, bideo bidez hainbat algortarren atxikimendua adieraziz eta Algortako bizilagun izandako Jone Lozanoren amak idatzitako gutuna irakurriz zabaldu dute.
Hurrengo deialdiak
Larunbaterako bi hitzordu izango dira Algortan: goizez, Txus Martin preso basauritarraren aldeko martxarekin bat egiteko autobusa abiatuko da goizeko 9etan Faduratik. Uribe Kosta mailako garraioa Zaballako espetxera joango da. Bertan, 10:30ean jarri dute hitzordua. Ohiko lekuetan izena eman daiteke. Eta arratsaldean Gabon Zaharreko poteoa 18:30ean Amnistia tabernatik abiatuta.