Dantzan.com: "Itxi beharrean gaude"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko urt. 2a, 15:30

[cc-by-sa Dantzan.com] Diru-laguntzen beherakada eta bestelako diru-iturrien urritzearen ondorioz, dantzan.com itxi beharrean aurkitu gara, ezin baitugu orain hamar urte abiatu genuen gune hau ekonomikoki mantentzen jarraitu. Ez dugu amore eman nahi, eta saiatuko gara finantzabidea eskuratzen lehenbailehen berriz martxan egoteko, baina bitartean, eta urtarrilaren 1etik aurrera webgunea ezingo dugu elikatzen jarraitu. 2011 urte beltza izan da ekonomia alorrean jarduera gehienentzat, eta dantzan.com-engan ere izan du eragina. Diru-laguntzen beherakadarekin batera dantzan.com elkarteak martxan zituen beste zenbait jardueraren diru-sarrerak nabarmen jaitsi dira, eta egoera larrian geratu gara. 2012rako aurreikuspenak oraindik okerragoak dira, eta egoera honetan ezinezkoa gertatzen zaigu dantzan.com elikatzen duen lantaldea mantentzea. Argazkian, pasa den ekainean egindako Gorlizko Dantzari Txiki Egunaren irudi bat.

Abenduaren 31an bulegoa itxiko dugu, eta dantzari buruzko informazioa bildu eta ezagutzera emateari utziko diogu. Ez dugu agur definitiboki esan nahi, ahalegin guztiak egingo baititugu finantzazioa lortu eta berriz ere, ahalik eta azkarren martxan jartzeko. Egoera ez da ona, baina saiatuko gara.

Bitartean, hamar urteotako ibilbidean bidaide eta lagun izan zaituztegun guztioi eskerrak eman nahi dizkizuegu. Ez dugu uste dantzan.com komunikabide bat bakarrik izan denik, pentsatzen dugu komunitate bat ere badela, eta informazioa, dokumentuak, iritziak, esker onak, zuzenketak, zorionak, errietak, albisteak, bideoak edo argazkiak konpartitzen eta horien berri izaten parte hartu duzuen guztiok osatzen duzue dantzaren komunitate birtual hau. MIla esker guztioi eta webgunea geldi geratuko bada ere, pentsatzen dugu komunitatea ez dela desagertu, garrantzitsuena, dantzan egiten jarraituko dugulako.

Ea laster batean berriz ere dantza kontuekin gatozen elkargune birtual honetara. Bitartean, segi dantzan!

Dantzan.com elkarteak pasa den ostiralean, abenduak 30, argitaratutako artikulua.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun