Estatu mailan gora doa Berangoko Milia. Espainiako Atletismo Federazioak bigarren postuan jarri du, probak orain arte lortutako mailarik onena. Berangoko Udalak babesten duen lasterketaren sustatzailea ezustean harrapatu zuen albisteak. "Ez nuen horrelako posturik espero, diru gehiago daukaten hiriak baitaude. Kontuan hartu behar da iaz bidegabeki bosgarren postura jaitsi ginela, antolakuntzari ez zegokion arazo batengatik; eta 2008 eta 2009an hirugarren izan ginela. Azken hori gainditzea ezinezko ikusten genuen", Josu Hernandezek aitortzen duenez. Berango Atletismo Taldeko arduradunak bazekien "aipatu postua maila handiagoko atletak kontratatuz bakarrik lor zitekeela". "Izan ere, antolakuntza mailan puntuaziorik altuena lortu ohi dugu". Muga hori gainditzea pozgarria da Hernandezentzat. "Bereziki motibatzen nau. Gauzak ondo egiten gabiltzala esan nahi du horrek. Guztia, laguntza ematen duten instituzio eta pertsonei esker, proba Espainiako Federazioak ezartzen dituen arauen arabera egin dadin", azaldu duenez. Data badauka Berangoko hurrengo Miliak. 2012ko irailaren 29an izango dira zilarrezko ezteiak. Argazkian, Berangoko Nazioarteko Miliaren aurreko edizio bat / ©
Berangoko Albisteak.