Altzagako 2011ko San Agustin jaietako
liburuxkan agertutako iragarki batengatik, Madrilera deklaratzera deituak izan dira Erandioko Hegoalde kultur elkarteko zuzendaritzako lau kideak eta jai batzordeko burua, Bildu koalizioak jakinarazi duenez. Bostei "terrorismoa goratzea" leporatzen diete. Hain zuzen ere, astelehenean, urtarrilak 9, aurkeztu beharko dira Espainiako Auzitegi Nazionaleko 3. instrukzio epaitegian, hau da, Fernando Grande-Marlaska epailearen aurrean. Publizitatean, besteak beste, Ekin erakunde politiko ilegalizatuko kidea izatea leporatu zioten eta Hegoaldeko bi bazkideren alaba den Erika Bilbao preso prebentiboaren argazkia, Arrano Beltza eta "Euskal presoak etxera!" leloa agertzen ziren. Erandioko Bilduren ustez, "lotsagarria da, adierazpen askatasunaren aurkako erasoa izateaz gain, halako iragarki batengatik Espainiako epaitegi zentral batek diligentziak hastea". Horren harira, Mikel Urriz, Angel, Txantxel eta Jon Vecchio Hegoaldeko kideak eta Iñaki Duñabeitia jai batzordeko presidenteari elkartasuna agertzeko eta adierazpen askatasuna aldarrikatzeko elkarretaratzea antolatu dute igande honetarako, urtarrilak 8, Erandioko metro geltoki aurrean, 12:30ean. Argazkian, iragarkia.