Durangoko kuartelaren aurkako atentatuagatik 72 urteko espetxe zigorra ezarri diote Arkaitz Goikoetxeari

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko urt. 5a, 21:26

Arkaitz Goikoetxea Basabe getxoztarrari 72 urte eta hiru hilabeteko espetxe zigorra ezarri dio Espainiako Auzitegi Nazionalak, 2007ko abuztuaren 24an Guardia Zibilaren Durangoko kuartelaren aurkako atentatuan parte hartzea egotzita, Europa Press albiste agentziak zabaldu duenez. ETAk jarritako bonba autoak kalte materialak eragin zituen polizia-etxean eta bi agente artatu behar izan zituzten zauri arinengatik. Alfonso Guevara, Guillermo Ruiz-Polanco eta Clara Eugenia Bayarri magistratuek osatutako epaimahaiak "frogatutzat" jo dute Azkorrikoa atentatuan parte hartu zuela, erabilitako Seat Ibiza autoaren "buru-euskarrian bere DNA aztarnak agertu zirelako". "Zorionez, suak ez zituen hondatu, leherketak kanpora jaurti zituelako", diotenez. Argazkian, auzokide bat Arkaitz Goikoetxearen irudiari eusten.

Espainiako Auzitegi Nazionaleko zigor aretoaren 3. sekzioak "hondamen terrorista, hiru hilketa saiaketa eta motordun ibilgailuen bi lapurreta" leporatzen dizkiote Arkaitz Goikoetxeari. Hala ere, ez dute ontzat hartu lehergailuak gorde zituenik, Fiskaltzak eskatu bezala. Akusazioak 79 urteko espetxe zigorra eskatu zuen getxoztarrarentzat, abenduaren 12an egindako epaiketan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun