Proposamenak askotarikoak izan daitezke, hala nola, antzezkizun laburrak edo performance txikientzako ekoizpenak, film laburrak egitekoak, erakusketak, enpresa bat sortzeko ideiak, lehiaketak antolatzekoak eta abar. Halaber, hezkuntza eta aisialdirako ekimenak ere aurkez daitezke (ikastaroak, tailerrak), baita sentsibilizazio eta zabaltze proiektuak ere (hitzaldiak eta abar). Diru sariez gain, beste motatako laguntzak jaso daitezke irabazle diren ekimenak martxan jarri ahal izateko, besteak beste, lanbidearen gaineko aholkularitza, orientazioa edo trebakuntza. Interesatuek zer egin nahi duten azaldu beharko dute aldez aurretik prestatutako txantiloian, gidoi modura. Ondoren, arlo ezberdinetako profesionalek euren ideiak azalduko dituzte aurkeztutako proiektuak aberasteko asmoarekin, berriro idatzi eta aurkeztu ahal izateko.
Gazte ekimenak, gaztetxerik gabe
2009az geroztik zazpi izan dira lehiaketari esker aurrera egin duten proiektuak: "Norabide guztiak" dokumentala (2009), Decoración Urbana Audiovisual delakoa (2009), Galería de arte virtual delakoa (2009), Guaitorock(2010), GetxoKlik (2010), Bideosormen tailerra (2011) eta Getxoberpiztu! (2011). Halere, Wanted lehiaketa ez zen 2009an hasi, 2005ean baizik. Orduan, eskoletan software librea irakasteko proiektua nagusitu zen, Gobelab hacklab-eko kideek aurkeztutakoa. Udal arduradunek, baina, baldintza bat jarri zieten saria emateko: erabiliko ziren ordenagailuak Gobelabek egoitza zuen Itzubaltzeta gaztetxean ez jartzea. Gobelabek uko egin zion baldintza horri eta lehiaketa bertan behera gelditu zen, handik eta lau urtetara berriro abiatu arte.