Datorren larunbata, hilak 14, lan eguna izango da Leioako
Udondo gaztetxean. Izan ere, bertako gazte asanbladak jakinarazi duenez, "gero eta gehiago gara gaztetxean, gero eta gehiago dira burutzen diren ekintzak, beraz beharrezkoa dugu daukagun espazioa ondo gestionatzea eta gure aukerak zabalduz joatea". Auzolanak goizeko 10etan abiatuko dituzte, garbiketa orokorra eginez. Ondoren, mila metro koadroko gaztetxea berrantolatuko dute. Jadanik, "denon laguntza" behar-beharrezkoa izango dutela azaldu dute. Halere, lan egin ondoren indarrak batzeko moduko egitaraua ere prestatu dute. Horrela, 15:00etan, bazkaria izango dute. Ordu bete beranduago, "Okupazioa aurrera!" lelopeko bideo-sorta izango dute ikusgai. Iluntzeko 8etarako, berriz, Bidasoa eta Lapurdiko kontzertua antolatu dute. Bertan, Miarritzeko
Arny et les Chachiz,
Apurtu irundarrak eta Angeluko
The Flying Sextoys entzuteko aukera izango da, lau euroko sarrera ordainduta. Zuzeneko emanaldia bukatu ondoren, musika "iraultzailea eta borrokazalea" eta "politikoki erritmo konprometituak" izango dela azpimarratu dute Leioako gazteek. Argazkian, gaztetxea margotu aurreko irudia / cc-by-sa
Ekinez Sortu.