Ondo erreparatu etiketari, prezio bikoitzari
Karteletan iragartzen diren deskontu deigarriak ez dira beti saltokiko produktu guztietan ezartzen. Ondo begiratu behar dugu beraz gura dugun artikuluaren etiketa, zeinek merkealdiko salneurria zein aurrekoa (edo ezarritako deskontu portzentajea) azaldu behar dituen.
Kalitatea ere ikusi
Beherapenetan saltzen diren artikuluek ezin dute akatsik eduki eta salgai egon behar izan dira merkealdia hasi baino hilabete lehenagora arte gutxienez. Produktu akastunak soilik saldoetan edo likidazioetan sal daitezke, ez merkealdian. Hala ere, erosi aurretik komeni da begiratu bat ematea hutsunerik ez dagoela egiaztatzeko.
Bermeetan murrizketarik ez onartu
Merkealdian Bermeen Legea ez doa oporretara. Produktu berriek bi urteko bermea izaten jarraitzen dute, eta bigarren eskukoek, urtebetekoa. Idatzizko edo eustarri iraunkorreko bermea beharrezkoa da bizitza luzeko produktuetan (etxeko elektrotresnak, erremintak, altxariak, jostailuak, instrumentuak, ibilgailuak...).
Artikulua aldatzeko edo itzultzeko aukeraz galdetu
Merkealdian zein denboraldi normalean merkatariak erositakoa aldatu edo dirua itzuli behar du soilik produktuak akatsen bat badu edo saltokiaren edo produktuaren publizitatean kontsumitzailearen aldetik justifikazio beharrik gabeko aldaketa edo diru itzulpena iragartzen badira. Soilik etxez-etxeko salmentan egindako erosketa atzera bota dezake kontsumitzaileak (7 egun naturaleko epean) arrazoirik eman gabe. Dena dela, produktu bat erosi baino lehen komeni da ondo egon arren alda daitekeen galdetzea, merkatari askok hori onartzen baitute.
Tiketa hartu eta gorde
Erosketaren tiketa edo frogagiria hartu eta gorde egin behar dugu beti, izan ere ezinbestekoa da erreklamazio bat aurkezteko, adibidez produktua akastuna delako edo ondo ez dabilelako.