Erika Bilbao bazkide presoari egindako oroigarria, gainera, "gauza arrunta" dela azaldu dute. Horrela, epailearen galderei erantzunez gogoratu dute Hegoalde kultur elkarteak hildako bazkideak ere gogoratzen ohi dituela.
Bestalde, goizeko unerik "bitxiena" heldu da epaile bilbotarrak Arrano Beltzaren inguruan "ETAren ikurra zela edo ETAk erabiltzen zuela bagenekien" galdetu dienean. "Guk hori, arrano arrano dela, Nafarroako erresumaren sinbolo bat, erantzun diogu".
Monasterioren dimisioa eskatu dute
Orokorrean uste dute "gutxi gora behera ondo joan dela dena". Eta orain emaitza itxaroterik besterik ez dute: "Marlaskaren eskuetan dago hau aurrera eramatea, juiziora eramatea, ala artxibatzea. Kepa Landa gure abokatuak eskatuko du artxiboa, baina hemen ez dakigu zelan joango diren gauzak. Nahiz eta gauzak deklarazioetan ondo joan, gero ez dakizu magistratuak zer erabakiko duen".
Zain egongo ez diren lekua Erandio da. Bertan, auzia salatu behar dutelakoan daude: "EAJrekin eta Udaleko arduradunekin hitz egingo dugu bai jai batzordearen aldetik, baita Hegoalderen aldetik ere esateko 'hau zuen ardura da, zuek hasi duzue historia guzti hau, ea zer egiten duzuen orain'". Hegoaldek dagoeneko Arrizen Monasterio zinegotziaren dimisioa eskatuko duela iragarri du eta baliteke jai batzordeak berdina erabakitzea. Hegoaldeko kideen arabera, Herritarren Segurtasunerako zinegotziak "kriston ardura dauka bai mobida honetan, bai gaztetxearen historian, baita hemen errepresioaren inguruan mugitzen den guztian ere, beti laguntzaile eta arduradun moduan".
Azkenik, "Auzitegi Nazionala eta Espainiako botereen jokoa presoen izaera politikoa eta elkartasuna isilaraztea" delakoan, "kontrakoa" egitera deitu dute: "presoen egoera eta presoak askatzeko eskaera kaleratzea". Azkenik, bere babesa eman dieten ehunaka auzokideei eskerrak eman dizkiete bost auziperatuek.