Saritutako lanak berehala jarriko dituzte irakurgai Cafe Bar Bilbaoren webgunean, eta era berean, Artez argitaletxeak emango ditu argitara, hainbat ekitalditako lan irabazleen bilduma plazaratu ohi baitu. Gainera, lanok Bilboki antzerti-programazioaren barruan taularatu ahal izango dira, irakurketa dramatizatuetako batean. Cafe Bar Bilbao eta Tartean konpainia bilbotarra dira ziklo horren antolatzaileak.
Fredi Paya Ruiz (Getxo, Bizkaia, 1981) bertsolaria, etnografoa, musikaria eta antzerkizalea da, eta azken zaletasun hori etxetik datorkio, ama aktore izan baitzen gaztetan. Antzerkiaren esparruan, Payak Gilkitxaro taldearen "Trokaolatarrak" antzezlanean kobla batzuekin hartu zuen parte, eta Ander Lipus, Andoni Egaña eta Xabier Payarekin batera "Bertso-tranpak" taularatu zuen, antzerkia, musika eta bertsolaritza uztartzen dituen ikuskizuna. Era berean, Ander Lipusen gidaritzapean, "Erregea eta bufoia" bertso eta antzerki ikuskizunean hartu du parte.
"Hartu ez nuen deia" lanean, maite den pertsona baten heriotzaren aurrean agurtzeak duen garrantzia adierazten du egileak. Gertakari autobiografikoa du oinarri testuak, Fredik berak aitaren deia jaso baitzuen hura hil baino bi egun lehenago, eta une hartan ezin izan zion erantzun. Fikziozko lanean protagonista guztiek dute euren etorkizunaren berri, eta aitak semeari deituko dio betirako agurtzeko, heriotza hurbil baitu.
"Ochomil"
Pedro Zabalza Lopez (Iruñea, 1970) Kazetaritzan lizentziatua eta Erizaintzan diplomatua da. Erizaina da Nafarroako Ospitale Gunean eta antzerti-kritikak argitaratzen ditu Nafarroako 'Diario de Noticias' egunkarian 1999tik. Iruñeko Gaiarre antzokian "Lazos familiares" eta "Virtual" lanak estreinatu ditu, eta Renfek antolatzen duen "El Tren y el Viaje" ipuin laburren lehiaketa irabazi zuen 2010ean "Otro" mikroipuinarekin.
Egilearen arabera, "Ochomil" lana "gehienok geure buruari jarri dizkiogun arrazoizko mugak borondatearekin eta irudimenarekin gainditzen saiatzen direnei egindako omenaldi xumea da: zortzimilakora igo, itsas hondora jaitsi, inor inoiz izan ez den lekuetara iritsi. Helmuga miresgarriak dira, betiere sakrifizioak eta uko egiteak eskatzen dituztenak".
Halaber, lanarekin egileak "mugak gainditu" nahi ditu, "borondatearen eta irudimenaren laguntzarekin". Izan ere, ikus-entzuleak horiek erabili behar baititu eszenatoki hutsean zortzimilako baten tontor izoztua edo Ozeano Bareko itsas hondoa irudikatzeko.
"Hartu ez nuen deia" (Fredi Paya)