Abrako itsas hondotik 50 milioi metro kubiko harea erauztea aurreikusten duen
Bilboko Portuko Agintaritzaren proiektua ezagutarazi eta kostaldean izan ditzakeen "eragin kaltegarriak" aztertzeko lehenengo asanblada egingo dute hainbat auzo eta kirol elkarte getxoztarrek. Hitzordua ostiralean, hilak 13, jarri dute arratsaldeko 7etan, Algortako Portu Zaharrean, Etxetxun hain zuzen. Bertan, informazioa jasotzeaz gain, "eraso ekologikoa" saihesteko eman beharreko urratsak aztertuko dituzte auzotarrek.
Getxoko Bilduk azaldu duenez, "Portuko Agintaritzak berak eskatuta eta Azti-Tecnalia enpresak egindako
inpaktu-txostenean jasotzen den moduan, erauzketa honek kalteak eragin ditzake Abrako itsas-faunan, ingurunean eta, bereziki, Ereaga eta Arrigunaga hondartzetan, itsas korronteetan eta olatuen tamainan… Era berean, itsas-hondoan dauden sedimentuek —bereziki metal astunek— uraren kalitatean eragin ditzakete, kutsadura areagotuz". Argazkian, Arrigunaga ingurua.