Itzubaltzetako sei gaztek deklaratuko dute bihartik aurrera Kukutza II-ko auzian

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko urt. 10a, 18:37

Pasa den azaroaren 16an, Kukutza III bota pare bat hilabetera, 1998an Errekaldeko gazteek hiru hilez izan zuten Larraskitu kaleko lokalera sartu ziren berriro ere 27 lagun, haietako sei Itzubaltzeta / Romokoak. Han hiru ordu t'erdiz garbiketa lanetan aritu ziren harik eta Ertzaintzak horma apurtu eta bertatik agindurik gabe kanporatu zituen arte. Kukutza proiektuko kideek atzo jakinarazi zutenez, bihar, asteazkena eta ostiralera arte, Kukutza II gaztetxea izan zeneko lokala okupatu zutenek deklaratu beharko dute Bilbon, "jabegoaren kontrako kalteak" egotzita. Hamahiru urtez, lantegi ohia erabat utzita izan duen jabeari orain "eraikina okupatu zutenei 9.000 euroko eskaera" egitea aurpegiratu diote, batez ere "argi ikusten denean, ertzainek direla atea apurtu eta horma botatzen dutenak". Argazkian, Larraskituko lokala ertzainek gazteak kanporatu ostean / cc-by-nc-sa Kukutza.

Kukutzaren oharra:

Aste honetan hasiko zaizkigu Kukutza proiektuaren kontrako epaiketak, eta hilabete osoan zehar garatuko dira 2 prozesu ezberdin. Urtarrilaren 11, 12 eta 13an, Kukutza II okupatu zutenen kontrako epaiketa burutuko da eta hurrengo asteetan Kukutza III-ko hustutzean etxebizitzan erresistitzen zeuden kideen kontrakoa.

Kukutza II-ko autoak dioen arabera, ez zaizkie usurpazio deliturik leporatzen, jabegoaren kontrako kalteak baizik. Larraskitu kaleko 27. zenbakian sartu zen kide taldearen helburua, hura 13 urtetan hutsik egon dela aalatzea zen, 1998. urtean, Kukutzako kideak handik bota zituztenetik, hain zuzen ere.

13 urte hauetan, eraikin horrek sua hartu du, etxegabekoentzako aterpea izan da, eta auzokideentzako arriskua izan da. Orain, eraikina okupatu zutenei 9.000 euroko eskaera egiten die jabeak, atea, horma eta leihoak apurtu izanagatik, argi ikusten denean, ertzainek direla atea apurtu eta horma botatzen dutenak.

Eskaera hauekin, argi geratzen da egun horretan ertzainek buruturiko operazioak ez zuela usurpazio delitu bat gelditzeko helburua, gaztetxe saiakera bat galaraztea baizik.

Okupazioa ez da delitua!
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun