Txema Oleaga Metro Bilbaoko presidente berriari langileekin biltzeko eskatu dio Valenciak, ″bileretan konpontzen baitira gatazkak″. Era berean, oraingoz datarik ez duten bilera horietan ″gatazkari lotutako gakoez″ hitz egiteko beharra azpimarratu du, bestela, esan du, ″ez dute ezertarako balio izango″. Iñaki Prego kontseilari ordezkariari dagokionez, enpresa batzordeko presidenteak esan du ez dakiela noraino baldintza dezakeen egungo gatazka Zuzendaritza aldatzeak. Izan ere, ″ez dakigu norainokoa den Txema Oleagaren ahalmena″, esan du.
Aldundiaren prestutasuna
Gaurkoan Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean egin dute elkarretaratzea Metro Bilbaoko langileek, aipatu erakundea garraio enpresako administrazio kontseiluko kidea baita. Itziar Garamendi Garraio diputatuari gutuna helarazi nahi zioten eta hartu ere hartu ditu foru ordezkariak, Jose Luis Bilbao ahaldun nagusia lagun zuela. "Gatazkari buruz hitz egiteko asmoz", beraiekin biltzeko "prestutasuna" agertu die beharginei Garamendik. Bere aldetik, sindikatuetako ordezkariek aipatu diote ez dutela afera "gatazka politikoa" bilakatu dadila nahi, "nahiz eta asko egoeraz aprobetxatu diren arren, horretara joz".
Pregoren dimisioa
Metro Bilbaoko greba batzordea osatzen duten ELA, CIM, UGT, LAB eta ESK sindikatuek Jose Ignacio Prego Kontseilari Ordezkariaren dimisioa eskatu zuten joan den ostegunean, Bilboko Areatzan emandako prentsaurrekoan. Beraien ustez, bera da garraio enpresan "lan-harremanak guztiz apurtuta egotearen arduraduna" eta berari leporatzen diote "klase politiko eta instituzionala langileen kontra xaxatu izana". Zuzendaritzaren jarrera eta "hitzarmen urraketak" salatzeko 15. lanuzte eguna zuten aipatu egunekoa hiriarteko treneko beharginek eta hiru orduko lanuztea egin zuten goizean, 09:45etik 12:45era. Beraien hitzetan, langileen %85 bat egin zuen osteguneko grebarekin.