"Manual para fabricar un terrorista" (Terrorista bat egiteko eskuliburua) dokumental txekiarra emango dute gaur iluntzeko 7:30ean, Leioako
Udondo gaztetxean. Bertako gazte asanbladaren eta
Sare Antifaxistaren ekimenez, Tereza Reichova zuzendariak eta Pragako Arte Akademiaren Zinema eta Telebista Fakultateko beste hiru ikaslek 2010ean Nafarroako mendialdean grabaturiko lana ikusi ahal izango da. Filmean, Reichova hiri eta herrietako kaleetan diren pintaketen aurrean gelditu egiten da eta kaletik pasatzen den jendeari paretek ematen dituzten mezuez galdetu egiten die: zer adierazten duten, noiztik dauden hor, zergatik... Errepresioa, ZEN Plana, Lege Antiterrorista eta lurralde honetako gertaeretara hurbildu nahi gaitu dokumental honek. Filmak 91 minutuko iraupena du, eta espainolez dago, baina bada aukera, azpitituluak erabiliz, euskaraz, ingelesez eta txekieraz ikusteko. Euskal Herrian,
Eguzki Bideoak kolektiboak banatu du. Argazkian, Floren Aoiz idazlea da elkarrizketatutakoetako bat / cc-by-sa Tereza Reichova - Eguzki Bideoak.