Atzo, asteartea, 49 urteko behargin bat zendu zen lan istripuz
Pinturas Juno enpresan,
ELA sindikatuak jakinarazi duenez. Langilea Cubilsa azpikontratakoa zen, baina Erandioko enpresarentzat lanean zebilen istripua izandako unean. Ezbeharra estalkiko plaka bat konpontzen ari zela gertatu zen, bost metroko altuera batetik behera erori zenean, azaldu dutenez. Hego Euskal Herrian lan istripuz hildako lehenengo behargina da atzokoa. Baina, ELAren hitzetan, "beste istripu batzuetan izaten diren antzeko baldintzak" errepikatzen dira. Oraingoa ere "azpikontratazioaren ondorioa" da, sindikatuaren arabera. "ELAk behin eta berriz salatu du azpikontratazioak prekarietatea eta lan segurtasun falta dakarrela. Oraingo kasuan ere, lanerako segurtasun neurriak ez dira aski izan istripua saihesteko", langile erakundeko iturriek aipatu dutenez. Horregatik, Osalani eta Lan Ikuskaritzari eskatu diete istripuaren nondik norakoak azter ditzatela, erantzukizunak argitzeko. Eguerdian Pinturas Juno-ko langileek elkarretaratzea egin dute enpresaren aurrean, istripua salatu eta hildakoaren familiari babesa adierazteko asmoz. Argazkian, 2009ko apirilean langile baten heriotza salatu zuten Leioan.