Bitartean, atzo goizez eta arratsaldez egindako batzarretan, hilaren 19 eta 26ko lanuzteak berretsi zituzten langileek. Halaber, manifestazioa egingo dute aipatu ostegunean, Arriaga plazatik Bilboko foru jauregiraino, goizeko 11etan abiatuta. Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio diputatuaren bilera-eskaintza ere onartu dute beharginek. Datorren astean izango da bilera. Asteartean bertan, elkarretaratzea egingo dute Batzar Nagusien aurrean (Hurtado Amezaga kalean), 10:30ean, talde politiko guztiei gutun bana emateko.
Otsaileko mobilizazioak
Astelehenerako, hilak 16, bilerara deitu du enpresa batzordea zuzendaritzak, bi aztergairekin: lan-gatazka eta 39/2010 Legea (soldaten izozketa). Asteazkenean, hilak 18, Metro Bilbaoko presidentearekin du hitzordua enpresa batzordeak. Azkenik, hilaren 23tik 29ra bilera egingo du Administrazio Kontseiluak. "Greba batzordeak, orain arte bezala, bilera horietan norabide batean ala bestean egin litezkeen urratsen arabera jokatu eta erantzungo du", azaldu dutenez. Otsailean mobilizazioak izango diren ala ez, "hurrengo egunetarako dauden hitzorduetan oinarritu da, zer lortzen den edo zer aurreratzen den arabera". Erabakia, beraz, urtarrilaren amaierara arte atzeratu dute.