Azaroko udal osoko bilkuran, Abrako itsas hondotik 50 milioi metro kubiko harea erauzteak eta itsas-bidai ontzien kaia handiagotzeak "bata bestearekin zerikusirik ez" zutela adierazi zuen Imanol Landa alkateak, Auzokideok plataformako kide batek egitasmoari buruz egindako galderari erantzunez. Abenduan, berriz, "erauzketaren zati txiki bat kaia handitzearekin lotura" bazeukala aipatu zuen Arregik, Auzotarrok elkarteko kideek azaldu dutenez. "Bere kezka" ere agertu omen zuten Hirigintza zinegotziak eta Imanol Landa alkateak berak.
Zabalgune berria eta lurrazpiko aparkalekua
Joseba Arregi Hirigintzak zinegotziak baieztatu duenez, Getxoko Udala eta Bilboko Portuko Agintaritza elkarlanean ari dira itsas-bidai ontzien moilaren gaineko proposamenean, “horren beharrak esparruaren diseinu on bat egiteko gure nahiak bat egin dezaten”. Ildo horretan, tokiko agintariak aurreratu du moilako zabalgune berria proiektatzen ari direla, bertan berdegune handi bat eta lurrazpiko aparkalekua izateko; “udalerriari zein itsasontziei zerbitzua eskaintzeko, Arriluzeko moilaren egungo estetika errespetatuz”. Arregik aipatu du "Getxo itsas-bidai ontzien Euskadiko sarbide" bihurtu dela. “Hartara, errealitate hori itsas-bidai ontzien moila berrian behin betiko sendotzearen aldekoak gara, eta horregatik, bidaiariek Getxon gastatzen jarrai dezaten ahalegintzeaz gainera, azpiegitura berri hori aprobetxatu nahi dugu ere udalerriarentzat izango diren zerbitzu berriei bide emateko”, amaitu du.
