Bestalde, igandean antzerki familiarraren txanda izango da: Marie de Jongh-ek "Alabatxo" lana estreinatuko du Kultur Leioan, 18.00etan. Sarrera 5 eurotan izango da. Laida, lau hilabeteko haurduna, eta Martin haren bikotekidea, egunero daude irudikatzen nolakoa izango den euren bizimodua haurra jaiotzen denean, eta etxea erabat aldatu dute jaioko den alabarentzako gauzekin. Emakumearen aita, Tomas zaharra, eurekin bizi da; umore txarreko gizona, kexatia, jeloskorra, erretxina, batzuetan umea, gehienetan bihurria, jasangaitza eta bien etorkizunerako traba. Halako batean, ordea, dena aldatuko da: Laidak haurra galduko du.
Orduan, Tomasek, daukan onena aterako du bere baitatik, bikote gaztearen bizitza berriz osatzeko. Eta zoriona berriz itzuliko da etxera. Familiako hiru senideak, elkar hartuta eta harmonia ederrean, beste haur baten jaiotza prestatzen hasiko dira.